Langabeziak gora egin du Nafarroan 2024an

Juan Kruz Lakasta Zubero 2025ko urt. 3a, 12:25

  • Nafarroa Garaian 367 langabe gehiago daude orain 2023an baino: igoeta %1,2koa da.
  • Langabeak guztira 30.355 dira, eta genero arrakala handia da: langabeen %61 emakumezkoak dira.
  • Erkidego guztietan langabeziak behera egin zuen iaz, foru erkidegoan izan ezik.

Abenduko datuek urte osoko joera berretsi egin dute: 2024an langabeziak gora egin du Nafarroan. Nafarroa Garaian 367 langabe gehiago daude orain 2023an baino.

Igoera, hartara, %1,2koa izan da. Eta lanik gabekoak, beraz,  guztira 30.355 dira. Kopururik altuena da, 2022tik. Genero arrakala handia da, horietatik 18.433 baitira emakumezkoak, hau da, %61. Abenduko datuei dagokienez, igoera %0,6koa izan da. Abendurik okerrena da, 2020tik, hau da, pandemia gorritik.

Alderaketak gorrotagarriak omen, baina, zenbaitetan, baita argigarriak ere: estatuko erkidego guztietan egin du langabeziak behera 2024an, Nafarroan izan ezik. Hedabide honetan Espainiako erreferentziak bainoago Euskal Herrikoak edo Europakoak bilatu ohi ditugu, baina honako honetan datua aski adierazgarria delakoan gaude.

Datu on bat: segurantza sozialeko afiliatuei dagokienez, Nafarroa Garaiak 4.587 gehiago ditu orain 2023an baino. Hazkundea %1,2koa da. Baina, berriro alderaketa egiten hasita, estatuko txikiena da, Extremaduraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren gibeletik.

Abantailak zirenak zama bihurturik

Industriak eta bereziki autogintzak Nafarroa Garaiko ekonomian duen pisua aintzat hartuz, bistan da Alemaniako ekonomiaren eta Europako Autogintzaren sektorearen apaltzea eragin handiagoa edukitzen ari dela gurean bereziki eta Hego Euskal Herrian, oro har, beste erkidegoetan baino.

Halaber, Hego Euskal Herriko ekonomia askoz esportatzaileagoa da Espainiakoa baino, eta nazioarteko egoera ezegonkorrak, Ukrainako gerrak bereziki, kalte handiagoa egiten dio.

Bestalde, ezin aipatzeke utzi populazioaren zahartzea. Gero eta gehiago dira 50 urtetik gorako langileak, egungo merkatuak eskatzen dituen profiletatik at daudenak. Datu adierazgarri bat: langabe berrien %80 55 urtetik gorakoak dira.

Esan gabe doa BSH eta Sunsundegi enpresen egoerak ez dutela ematen 2025era begira baikorrak izateko aukera handirik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!