Nafarroako Gobernuak torturak jasandako beste bi biktima aitortu ditu

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 20a, 09:57

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste bi biktima. Hitzez hitz, aitortzen die Alberto Goñi Diezi eta Joxe Aldasoro Jauregiri motibazio politikoko biktimak direla.

Aitortza hauek 16/2019 Foru Legearen arabera sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman ditu. Batzorde horren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea da.

Alberto Goñi Díez hiru aldiz atxilotu eta torturatu zuen Polizia Nazionalak, 1979an, 1982an eta 1985ean. Atxiloketa horietan guztietan aske utzi zuten, eta urte horietan Polizia Nazionalaren etengabeko jazarpenak jasan zituen.

Joxe Aldasoro Jauregi 2010ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, orduko Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazioan tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. Torturak salatu zituen Iruñeko epaitegian, baina salaketa artxibatu egin zuten.

Nafarroako Torturatuen Sarearen iritziz, "Aitortza hauekin, Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaio. Gogoratu behar da, gaur gaurkoz, gure datuen arabera, gutxienez 33 pertsona aitortu dituela Gobernu Foralak". Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak osatzen duten "EGIAREN GARAIA DA. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat" dinamikatik azpimarratudute, "balorazio positiboa egiten dugula, Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio-bidean jartzea". Ohar honen bidez, azpimarratu dute "Garrantzitsua dela Nafarroan Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu-eskaerak aurkezten jarraitzea: poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide-kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigletako edozeinen bidez erasotutakoak, Estatuko segurtasun-indarrek torturatutako pertsonak, bala-zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz erailak, manifestazioetan errepresioa, ondasun materialen aurkako atentatuak, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak...". Eskaerak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, Torturatuen sareak gogoratu nahi izan du, "Eskaerak egiteko eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo telefono honetara deitzea: 948 30 77 15".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!