“Hezkuntzak igogailu soziala izan beharko luke, baina ikasle asko eskaileretatik bidaltzen da”

Haritz Pascual Garjon 2024ko abe. 20a, 08:27

Elkarri Laguntza taldeak hezkuntza arloan, pobrezia arriskuan edo ta bazterkerian diren txikiek dituzten oztopoak salatu dituzte. “Hezkuntza doakoa da, baina gehigarri gehiegi ditu”.

Igogailu sozialaren adibidea erabili du Elkarri Laguntza taldeak, hainbat familiek topatzen duten egoera azaltzeko. “Hezkuntza igogailu soziala dela diote, gizartean gora egiteko tresna” azaldu dute, “Dohainik den arren, gehigarriengatik ikasle askok itxita topatzen dituzte igogailuaren ateak. Testu liburuak direla, jantokiko prezioak, eskolaz kanpoko jarduerak, txango eta irtenaldiak…subentzionatuta daude, ez dira ordaindu beharrekoaren ehuneko ehunera iristen eta oinarrizko beharrei erantzuteko zailtasunak dituzten familiek ezin dute plus horiei aurre egin”. Elkarri Laguntza taldeak badaki zertaz ari den, Nafarroan txirotasun arriskua duten pertsonen %30a 16 urtetik beherako gaztea da. “Eguneroko oinarrizko elikagai bila baldin badatoz guregana, nola ordainduko dute jantokia? Nola ordaindu txango batetarako jarri beharreko 5 euroak? Ez badute ezta egunerokoan duin janzteko arroparik, Nola planteatuko dute Aste Txurian parte hartzea?” galdetu dute laguntza taldetik. “Hezkuntza ez da soilik ikasgela barruan egiten, jantokian, txangoetan, esperientzietan garatzen dira ikasleak…eta behar handiena duten gazteei guzti hori ukatzen zaie” salatu dute. Elkarri Laguntza taldeak azaldu duenez, igogailua itxita eskaileratatik bidaltzen zaien ikasle hauek, azkenean ez dute gora egiten, eta hezkuntza sistema goizegi uzten dute.

Elkarri Laguntza taldeak benetako doako hezkuntza sistema eskatu du, plusik gabe, gehigarririk gabe, inor atzean utziko ez duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!