Gaur egindako agerraldian salatu dutenez, emakume migratzaileak jindarleriq matxista pairatzen zuen, horrek antsietate krisi larri bat eragin zion, eta horren kontura ospitaleratu behar izan zuten. Orduan, Nafarroako Gobernuak emakumearen bi alaba adin txikikoak (horietako batek Autismoaren Espektro Nahasmendua du eta %78ko desgaitasun-maila) bere tutoretzapean hartu zituen, familiak ez zuelakoan babes sarerik Nafarroan. Arazorik larriena gero etorri zitzaien: amari osasun-alta eman zioten, baina haren alabek ez zuten Belosoko Behaketa eta Harrera Zentrotik ateratzeko baimenik jaso
Azaldu dutenez, egoera hori hiru hilabete luzatu zen. Amari, alabekin egoteko aukera astean bitan 45 minutuz ematen zioten. Eta ama, konturatzen hasia zen haren bi alaben osasuna okerrera zihoala. Mediku batek ikus zitzala behin eta berriz eskatu arren, egoera larritu zenera arte ez zuten deus egin. Hamaika egun eman zituzten bi ahizpek ospitalean isolatuta bost birus desberdinekin, tartean, bakteria batekin, kolerarena.
Horren ondotik bai, amari, zegozkion alaben zaintza ematea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, baina, beti ere, behin behinean eta neurriekin. SOS Arrazakeriak salatu du emakume horri eta haren alabei gertatu zaiena pasa den apiriletik hona.
Adingabeek beren familiekin geratzeko duten eskubidea zaintzeko eskatu dute, bestetik, Behaketa eta Harrera Zentroan bizi duten egoera aztertzea, besteak beste han kutsatu baitziren bi adingabeak. Kasua epaitegietara eramateko aukera aztertzen ari dira.