Iruñeko auzo guztiek euskarazko haur eskola eduki dezatela eskatu dute hainbat familiak - Nafarroa - euskalerriairratia.eus

Iruñeko auzo guztiek euskarazko haur eskola eduki dezatela eskatu dute hainbat familiak

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 12a, 07:17

Iruñeko udaletxearen parean amaitu zuten atzoko protesta. (Argazkia: Iruñeko Euskalgintza)

Iruñeko Euskalgintzak gaur udalarekin bilera eginen du, eta aurrerapausoak espero ditu.

Euskarazko haur eskolen eskean, ehunka pertsonak manifestazioa egin zuten atzo ilunabarrean, Iruñeko Alde Zaharreko karrikak zeharkatuz. Zehazki, auzo bakoitzak murgiltze ereduko euskarazko haur eskola bat izan dezala galdegin zuten, egun Iruñeko Udalak kudeatzen dituen hamabietatik bakar bat baita murgiltze ereduko horretakoa.

“Badira hainbat urte honekin ari garela eta iruditzen zaigu oraingo udal honek, bere burua aldaketaren udaltzat jotzen duena, neurriak hartu beharko lituzkeela aldarrikapen honekin bat egiteko, eskubide hori gauzatzeko”, adierazi zuen udaletxearen parean Asier Biurrunek, Iruñeko Euskalgintzaren izenean.  

Manifestazio deialdia Iruñeko Euskalgintza plataformak egin zuen. Horren parte dira AEK, IKA, EHE, AET, ELA, LAB eta Steilas. Protesta Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren paretik abiatu zen, eta Iruñeko udaletxearen parean amaitu. Manifestariek, besteak beste, “Haur eskolak euskaraz” eta “udala, entzun, Iruñea euskaldun” leloak oihukatu zituzten.

Biurrunek plazan jakinarazi zuen plataformak gaur bilera eginen duela udalarekin: “Haiek erran digute lanean ari direla, bihar beste bilera bat eginen dugu, eta espero dugu hor haiek guri kontatzea zein urrats eginen dituzten eta urrats horiek eskubide honen aldekoak izatea”.

Lerroon azpian, Ahotsa.info atariko lankideek manifestazioan grabaturiko irudiak eta adierazpenak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!