Erriberriko energia parke berriak %25 handituko du Nafarroako potentzia fotovoltaikoa

Bidane Beloki Ezker 2024ko abe. 10a, 07:56

Pagos de Araiz upategiak bultzatu du ekimena eta 74.000 eguzki plaka jarriko dituzte. Lanak 2025eko lehen erdian bukatu nahi dituzte eta urtero 24.000 etxebizitzak urte batean kontsumitzen dutena ekoitzi ahal izango dute.

Euskal Herriko parke fotovoltaikorik handienetako bat eraikitzeko lanak hasi dituzte Erriberrin. Pagos de Araiz upategiak bultzatutako ekimena da eta parkea upategitik gertu dauden lurretan eraikiko dute. Bizkaiko GES Global Energy Services enpresa arduratuko da eraikuntzaz eta 74.000 eguzki panel jarriko dituzte.

Lanak hasi dira dagoeneko eta 2025eko lehen erdian bukatzea aurreikusi dute. Urtearen amaieran konektatu nahi dute sarera, handik oso gertu dagoen Erriberriko azpiestazioaren bitartez. Urtero 24.000 etxebizitzak urte batean kontsumitzen dutena ekoitzi ahal izango dutela kalkulatu dute.

Parkeak 50 megawatteko potentzia izango du eta GESek nabarmendu duenez, %25 handituko dute Nafarroan energia fotovoltaikoaren ekarpena. Erriberrin bertan, La Pedrera izeneko parke fotovoltaikoak 4,5 megawatteko potentzia du. Eta askoz ere gehiago handituko litzateke, baldin eta Iberdrolak Azkoienen egin nahi duen parkearekin aurrera jarraituko balu. 475.000 eguzki plaka aurreikusi zituzten, baina irailean geldiarazi zituzten lanak argindarraren prezioa merkeegia zelakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!