Iruñeko Udalak Landare elkarteari eman dio Arantzadiko Etxezuriko baratzeen kudeaketa

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 10a, 06:41

Etxezuria, Arantzadi parkean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Baratzeak egokitzeko eta abiarazteko lanak urtarrilean hasiko dituzte, eta uda bitarte iraunen dute

Iruñeko Udalak lehiaketa publikoko deialdia ebatzi du, Etxezuria (Soto Etxea izenez ere ezaguna) eta Arantzadi parkean dauden aldameneko baratzeak kudeatu eta ustiatzeko jabari publikoko emakidarako.

Landare Ekologiarekin Lotutako Gaien Nafarroako Elkarteak emanen dio baratze-gune horri dagokion garrantzia; izan ere, helburua da baratze horietan nekazaritza-ustiapen ekologikoa berreskuratzea, ondoren salduko diren produktuak ekoizteko, eta herritarrendako ingurumen-hezkuntzako proiektuak garatzea.

Emakidak Soto Etxeko beheko solairua eta aldameneko baratzeak barne hartzen ditu. Baratze horiek nekazaritza ekologikoaren inguruko jardueretara bideratuko dira, ingurunean modu jasangarrian garatu behar den jarduera ekonomiko gisa; halaber, bertako produktuen erabilera eta ingurunea errespetatzen duten lan-metodoak sustatuko dira, kalitatezko produktu naturalak lortzeko. Eraikinaren lurgaineko solairuen erabilera ez da emakida honen xede. Iruñeko Udalak beretzat gordeko du Soto Etxeko lehen eta bigarren solairuen erabilera, nekazaritza-jarduera horri lotutako ikasleendako bizitegi bateratuko apartamentuen etorkizuneko proiektu baterako. 

Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak emakidaren eta proiektuaren xehetasunak jakinarazi ditu. Proiektua 25 urterako adjudikatu da. Udalak konpromisoa hartu du emakidadunari eraikineko beheko solairua emateko. Beheko solairuan ekipatzeko prest dagoen erabilera anitzeko gune bat eta baratzeetarako sarbidea daude; baratze-guneak hauek barne hartzen ditu: oinarrizko ureztatze-harguneak, aspertsio-sistema, nekazaritza-lanabesak dituen txabola bat, erabiltzeko prest dauden berotegiak, itxitura perimetrala eta segurtasun-sistema. 

Emakidadunak baratze-guneak eta berotegiak abian jarri beharko ditu, eta urte osoan eta baldintza onetan egonen dira abian. Gainera, emakidak ezarritako jenero-kanona bete beharko du. Kanon hori bisitei arreta ematean datza, ingurune-hezkuntzaren programaren eta baratzezaintza-ikastaroen barruan. Halaber, beren lehen eta bigarren solairuko apartamentuak okupatzen dituztenen prestakuntza-ibilbideko ikasketa- eta/edo gaikuntza-programei dagozkien premiei erantzun beharko die.

Emakida horri esker, Iruñeko Udalak baratze-guneak berreskuratu eta egokitu nahi ditu, nekazaritza ekologikoa ekoiztearen bidez. Izan ere, nekazaritza ekologikoari esker, ingurune-hezkuntza proiektuak, azterketa- eta esperimentazio-proiektuak, ekoizpen-eredu alternatiboak garatzen dira, eta aldi berean, herritarrendako eta nekazaritza ekologikoarekin lotutako langileendako aisialdia eta heziketa sustatzen da.

Etxezuriako baratzeak berreskuratzea

Iruñeko Udalak aurreikusi du urtarrilaren erdialdean hasiko dituztela  Etxezuriako baratzeak abian jartzeko obrak. Hirigintza Gerentziako Kontseiluak asteazkeneko saioan izanen du lan horiek Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatzeko proposamenaren berri, 340.329,95 euroko zenbatekoarekin. Lanek lau hilabeteko epea izanen dute gauzatzeko. Etxezuria baratzezaintza-gune hau kudeatzen zutenen bizileku historikoa da, baina kontratuak ez du barne hartzen eraikina eraberritzea eta birgaitzea; izan ere, eraberritzeko eta birgaitzeko lanak lan horien ondoren eginen dira , orain enkargatzen ari den birgaitze-proiektuan oinarrituta.

Aurreikusitako obrak hainbat jarduketetan oinarritzen dira; jarduketa horiek Soto Etxearen inguruan dauden baratzeetan eta baratze horiek abian jartzeko beharrezko instalazioetan eginen dira, Valeriano Zabalza San Martínek idatzitako proiektuan oinarrituta. Soto Etxeko baratzeek bi gune berezitu dituzte: horietako bat, handiena, eraikinaren alboan dago, eta berotegiak daude bertan; bestea txikiagoa da eta Arantzadi parkea eta Arrotxapea elkarlotzen dituen oinezkoendako bidearen beste aldean dago, disuasioko aparkalekuaren ondoan. 

Nekazaritza-gunea berreskuratzeko proiektuak aurreikusten dituen lanen artean, ureztatze-instalazioa diseinatu eta doitzea dago, indarrean dagoen emakida bat duen ibaiko ur-hargunerako eta baratze-guneko ur-harguneen antolaketarako. Instalazioak behar bezala funtzionatzeko beharrezko elementu guztiak barne hartzen ditu. Besteak beste, ur-bilketarako ponpa, sute-ahoak, ureztatze-hodiak, instalazio elektrikoa... Halaber, besteak beste hobekuntza hauek eginen dira: putzua konponduko da, gunearen itxitura perimetrala osatuko da, berotegiak konponduko dira, kontrol- eta zaintza-sistema bat ezarriko da eta biltegiratze-gune bat instalatuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!