Izotz-xafla, irristalarien abilidadeez gozatzen

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 4a, 11:18

285 metro koadroko izotz-xafla Iruñeko erdigunean: izotz-pistak astebete eginen du bihar etenik gabeko funtzionamenduan. Sarrerak 8 euro balio du orduko, baina hainbat egoerak beherapenerako eskubidea sortuko dute

Azaroaren 29an izotz-pista ireki zenetik, dagoeneko 2.200 lagun baino gehiago animatu dira, horietako asko adingabeak, Iruñeko erdigunean patinatzera. Urtarrilaren 6ra arte egonen da Sarasate pasealekuan, Eguberrietako oporraldiarekin bat eginez, aisialdiko eskaintza ez ezik merkataritza dinamizatzeko elementu bat ere bada-eta behin-behineko azpiegitura hori.

285 metro koadro da luze-zabalean, eta 10 x 45 metroko argi-estalkia eta 90 lagunendako lekua ditu, adin guztietako jendearen erakargarri. Sarrerak 8 euro balio du, eta ordubetez patinatzeko eta patinak alokatzeko eskubidea ematen du. Udalak deskontuak jarri ditu taldeendako eta hainbat kolektiborendako, eta, kasu batzuetan, % 33tik gorako desgaitasuna dutenendako eta itsuendako adibidez, sarrera doakoa izanen da. Gerta liteke taldeendako ordutegiak publiko orokorrarentzako ordutegiarekin bat ez etortzea (deitu 900 30 31 32 telefonora).

Izotz-pista urtarrilaren 6ra arte egunero egonen da erabilgarri, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 22:00etara, baina Gabon egunean, Eguberri egunean, Urtezahar egunean eta Urteberri egunean ordutegi berezia izanen du. Gabon eta Urtezahar egunetan, instalazioa ixteko ordua 19:00etara aurreratuko dute; eta Eguberri eta Urteberri egunetan, 12:00etara atzeratuko dute irekitzeko ordua.

Jai egunak tartekatzen diren asteetako astelehenetan, hots, abenduaren 23an eta 30ean, Uharteko Izotz Klubeko ikasleek, Cristina Udin patinatzaileak gidatuta, erakustaldi bana eginen dute 16:00etan. Sarasate pasealekura gerturatzen direnek bakarkako eta taldekako ikuskizun eta koreografia batzuk ikusteko aukera izanen dute, publiko orokorraren artean kirol honen praktika sustatzeko pentsatu baita ekimena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!