Txibitek bere gobernuaren "egonkortasuna eta eraginkortasuna" aldarrikatu ditu, "antipolitikaren aitzinean"

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 14a, 13:27

Maria Txibite, politika orokorreko gaurko eztabaidan. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

UPNk gobernu erregionalisten ondarea ondoratzea leporatu dio, eta EH Bilduk epe luzeko elkarlanerako konpromisoa berretsi du, gaur goizean Nafarroako Parlamentuan egindako Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidan.

“Nire lehen mezua argia da: politikari eta erakundeei prestigioa eman behar diegu, demokrazia erresilientea izan dadin, desegonkortzeko ahaleginen artean”, esan du Txibite lehendakariak. Horixe izan da gaurko eztabaidan ezarri nahi izan duen markoa, Espainia aldean PSOEri onura elektoralak ekarri dizkionaren nahikoa antzekoa.  

Trumpen garaipena, polarizazio politikoa eta, nekazarien protesten ingurumarian, Nafarroako Parlamentua pairatu zuen erasoa aipatu ditu antipolitika horren adibidetzat.

Horiei guztiei herritarren etsipena sistema, demokrazia, ongizatearen estatua eraisteko erabili nahi izatea egotzi die, eta irainetan, gezurretan, antipolitikan ez erortzeko eskatu die gainontzeko talde parlamentarioei.

Bidea politika eraginkorretan aurrera egitea dela aldarrikatu du. Eta jarraian bere gobernua politika eraginkor horien adibidetzat jarri du. “obernu honek bigarren legealdiko bigarren urtea du, eta gobernu egonkorra da, funtzionatzen duena eta aurrera egiten duena, herritarrengan konfiantza sortzen duena, Nafarroaren aldeko lana lehenesten duena eta hori esparru politiko eta sozialean elkarrizketa ireki eta pluraletik egiten duena”.

Diskurtso osoa, nagusiki, bere gobernuaren lorpenen goresmen bat izan da, ez duena ekarri, ohi ez bezala, neurri berri ikusgarriren baten iragarpena.

Hainbat datu eman ditu, marko hori sendotze aldera: Nafarroa urteko lehen bederatzi hilabeteetan gehien hazi den erkidegoa da, baita zorpetze mailarik txikiena duena ere, eta hezkuntzan 2019tik %43 igo da pertsonako egiten den inbertsioa.

Bere gobernuaren seigarren aurrekontuek ongi izate sendo bat finkatzen jarraitzeko euskarria izanen direla gaineratu du. Besteak beste, mutualisten arazoa konpontzera 150 milioi euro bideratuz.

Hobekuntza alorrak: Osasuna, Etxebizitza eta Migrazioa

Apenas egin duen autokritikarik. Aitorpen bakarra, bere Osasun, Etxebizitza eta migrazio alorretan hobekuntzak behar dituztela. Osasun Foru Lege berria iragarri du, gizartearen errealitate berrietara moldatu beharra dagoelako: zahartzea zein kronifikazioa.

Nolanahi ere, halaber gogora ekarri du azken hilean 5.000 pertsonan murriztu direla itxaron zerrendak, eta 34.000 nafarrek gainditu dutela minbizia Osasunbideari esker.

Etxebizitzari dagokionez, etxebizitza publiko eskuragarri gehiago behar direla aitortu du eta horretako lur zoru publiko gehiago jarriko dutela esan du, baina aldi berean gogora ekarri du Etxebizitzaren Foru Lege berriaren eskutik 21 udalerri izendatu behar dituztela tenkaturiko gune, eta alokairuan erregistraturik dauden etxebizitza guztien %48k laguntza publikoren bat jasotzen dutela.

Industrian, Sunsundegiren etorkizunarekin kezkaturik dagoela aitortu du, eta birkokapenen aukera aipatu du, baina halaber okupazio datuak inoizko onenak direla ekarri du gogora.

Industriaren Foru Lege berria aipatu du, baita ekonomia sozialaren garrantzia ere.

Inbertsioetan, Espainiako Gobernuarekin dagoen harreman onari esker, Abiadura Handiko Trenaren zein Nafarroako Ubidearen obrak azkartu direla azpimarratu du, aurten AHTn jada 50 milioi inbertitu dituztela gogora ekarriz.

Zerga erreforma sarri parlamentuan eztabaidatuko dutela hitz eman du, eta horretan lehen sektorearentzako hobekuntza nabariak izanen direla.

Inoiz baino euskara gehiago erabili du bere Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidako hitzaldian, oraindik esaldi solte gutxi batzuk izanagatik ere. Baina hitzaldiaren mamiari dagokionez, oso argi geratu da euskara ez dagoela bere lehentasunen artean: 23 orrialdetan lau lerro besterik ez, merezimenduen dekretua eta departamentuetako euskara planak onartu dituztela oroitarazteko.

Esparza: "UPNren gobernuaren ondarea ondoratu dute"

Erreplika emateko tenorean, Javier Esparzak, UPNren izenean, gobernu erregionalisten ondarea ondoratu izana leporatu dio Txibite lehendakariari. Nolanahi ere, sozialistei “eskua luzatu” die, “politika zentyzuzkoak egiteko, errradikalengandik aldenduta”. Erabili duen doinua azken aldian bozeramaile erregionalistengan ohikoa zena baino lasaiagoa izan da. UPNren presidente Cristina Ibarrola parlamentuan izan da, eta Txibiteren hitzaldiaren ondoko atsedenaldian hitza hartu nahi izan du kazetarien aitzinean, baina ezin izan du egin, ez diote utzi, ez delako parlamentaria. 

EH Bilduren izenean, Laura Aznalek aurrekontuen inguruan “epe luzeko elkarlana” egiten segitzeko “epe luzeko apustua” berretsi egin du. Halaber, politika sozialetan “azeleragailua zapaltzea” proposatu dio Txibiteri.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!