Aurtengo apirilean hasi ziren Nafarroan tortura pairatu duten pertsonek sufritutakoarengatik aitortza ofiziala jasotzen. Bide luzea egin behar izan dute horretarako, tartean urtetako isiltasun edo are okerrago jazarpen eta zigorra, tratu txarrak salatzeagatik. Nafarroako batzordeak eman ditu beraz lehen pausuak eta esperientzia horretatik abiatuko dira aurten Torturaren inguruko hirugarren nazioarteko jardunaldiak. Azaroaren 22an, Iruñeko Planetariumean Rita Peña txiletarrak, Pinocheten diktadurapean torturatutakoak; 2003an Txilen zabaldutako aitortza prozesua azalduko du. Horren ostean, mahai inguru interesgarria antolatu dute, Iratxe Urizar abokatu eta Giza eskubideen Behatokiko kidearekin, Gemma Ubasart Catalunyako Generalitateko Justizia, Eskubide eta Memoria sailburu ohiarekin eta Jon Mirena Landa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako eta egun Jaurlaritza bereko estatuen biktimen aitortzarako batzordeko kidearekin.
“Ofizialak izan arren, batzorde hauek ez dira judizialak” azaldu du Mikel Soto, Nafarroako Torturatuen Sareko kideak, “Balia beharko lukete erreparazio integralago bat egiteko”. “Jendeak deskonfiantza dauka hain zuzen beren giza eskubideak urratu dituzten instituzio horiengan, baina aitorpenak argitaratzen ari diren neurrian, geroz eta jende gehiago ari da animatzen bere kasua batzorde aurrera eramatera” gaineratu du sareko Ainara Gorostiagak.