Indarkeria matxistaren aurrean erakundeen arteko akordioa erdietsi dute gaur. Nafarroako Gobernua, Espainiak Nafarroan duen ordezkaritza, Berdintasun Institutua, Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko ordezkariak bilduta izan dira Emakumeenganako Indarkeriari aurre egiteko erakundeen arteko III.Kongresuan. Egun, indarrean dituzten baliabideak aztertu eta baloratu dituzte, aurrera begira jarri eta non eta zertan hobetu daitekeen erabakitzeko lan egiten segituko dutela konpromisoa hartu dute. Maria Txibite lehendakariak mezu hau helarazi du: "Emakumeek jakin behar dute baliabideak badaudela eta ez daitezela bakarrik sentitu indarkeria egoeretan. Eska dezatela behar dutena".
Prebentzioan lan egitera deitu du Alicia Etxeberria Espainiak Nafarroan duen ordezkariak. Puntu More gehiago ezartzea eta informaziorako gune seguru gehiago izatea da proposatu duena. Egun, 645 Puntu More daude erkidegoan, 600 botika eta administrazio publikoek eskaintzen dituzten 45 puntu.
Entitate lokaletatik argi dute arazo nagusietako bat dela indarkeria matxistarena. Arazoari irtenbide emateko mugimendu feministarekin bidea egiten segitzeko konpromisoa hartu du Xabier Alcuaz presidenteak. Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariak begirada jarri du protokolo berri batean: horri esker, Osasunbidean azken bost hilabeteetan 386 indarkeria matxista kasu begiztatu dituzte. Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariak ohartarazi du indarkeria asko daudela oraindik ere azaleratu gabe: "Antzeman gabeko indarkeria asko dagoenez, ezinezkoa da jakitea nolakoa den arazoaren dimentsioa", adierazi du Abadek.
Salaketen gorakada bat izan da aurten iazko datuekin alderatuta. Ñabardura batzuk daude hazkunde horren atzean Abaden ustez: "Emakumeek konfiantza gehiago dute bizi duten egoera salatzeko".
2.091 salaketa jaso zituzten indar polizial desberdinek eta aurten; %20 indarkeria sexualak izan dira. Epaitegietan iaz 3.400 gai izan ziren genero indarkeriarekin lotura izan zutenak, aurten, zenbateko hori gainditu da dagoeneko eta urtea amaitzerako %25 haziko dela aurreikusi dute. Baliabide gehiago beharko lituzkete auzitegiek Joaquin Galver Nafarroako Justizia Auzitegiko presidentearen ustez, bereziki arretari dagozkionak, prozedurak azkartu ahal izateko.
---