Hasi da 2025eko Nafarroako Ikastolen festaren atzera kontaketa. Paz de Zigandak jaso du ofizialki antolakuntzaren lekukoa, Zangozako ikastolakoen eskutik. Atarrabiakoak dagoeneko lanean dira. Leloa eta logoa prest dute jada. “Buruz, bihotzez, Oinez!” izanen da aurtengo festaren esaldia eta hura irudikatzeko desegituratutako aurpegi koloretsua prestatu dute ikur moduan, begi bat, bihotza, ahoa, hanka bat…ikus daitezke irudian. 2025eko Nafarroa Oinezak ikastolen sareko parte izatea, herri izaera, euskalduntasuna eta egungo hezkuntza eredu jasangarri eta berdinzaleak sustatzea izanen du helburu. 1970ean sortu zen Paz de Ziganda ikastola baina 1995etik dago egun dagoen kokalekuan, Atarrabia eta Burlata artean. Egungo azpiegiturak hobetu eta gaurkotzea izanen du helburu datorren urteko festak.
Azaroaren 9an aurkeztuko du Paz de Ziganda ikastolak aurtengo Nafarroa Oinezaren arropa Itaroako merkatalgunean eginen duen ekitaldian. Azaroaren 15ean irekiko ditu ateak Oinez denak, Atarrabiako kale Nagusian.
Zangozako ikastolako kideak aurtengo festarekin pozik
Atarrabiakoek Zangozako kideengandik jaso dute Nafarroa Oineza antolatzearen ardura. “Goza ezazue urtea” gomendatu diete prentsaurrekoan. Zangozan pozik direlako aurtengo festak utzitako emaitzarekin. “Arduraz eta maitasunez bete dugu gure lana eta harro gaude gure komunitateaz” azaldu du Nagore Oria ikastolako zuzendariak. Eguraldia lagun, Zangozara gerturatutako euskaltzale eta 700 boluntarioei beren ekarpena eskertu diete.