Errigorak udazkeneko kanpaina abiatu du

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 24a, 13:18

Kanpainaren aurkezpena, Bilbon. (Argazkia: Errigora)

2024ko udazkeneko Euskarari Puzka kanpaina bertan da. Gaurtik eta azaroaren 14ra bitartean egin daitezke eskaerak errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez. Hiru saski daude aukeran 55, 65 eta 75 euroan. 

Lurra landu eta iraultzeko lanetan jarduten du Errigorak, euskaratik euskarara Nafarroa hegoalde eta erdialdean egiten dute lan. Auzolana eta euskaltzaleon elkartasuna ardatz, urteak daramatzate Ager eremuan euskarari lurra ematen euskaltegietan, ikastoletan edota ikastetxeetan eta horretarako, aurtengo udazkenean ere, kanpaina abiatu dute. Urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean egin daitezke eskaerak.

Aurtengo Euskarari Puzka kanpainak hiru saski izanen ditu: Saski Beltza, 55 eurokoa, zonaldeko produktu tipiko konbentzionalekin (zainzuriak, orburuak, teilak, ardoa…); Saski Berdea, 65 eurokoa, produktu ekologikoak ohikoak eta berritzaileagoak ere (zainzuriak, dilistak, orburuak, konbutxa tea, ardoa…); eta Saski Gorria, 75 eurokoa, produktu bereziekin eta eguberrietarako eskaintza bereziarekin (ardo apartsua, beltza eta txuria; patxarana, polboroiak, turroia, ardi gazta…). Gainera, saskiekin batera 'Agertuz' karta-jokoa eskatu ahalko da bost euroren truke, gehigarri gisa.

Kanpainan biltzen den diruaren %25 zuzenean Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da, besteak beste, AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldiko eragileek jasoko dute ekarpena haien jarduna aurrera eramateko beharrezkoa duten baliabidez hornitzeko.

Eskaerak errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daiteke. Azken horiek herriko arduradunari edota izendatutako puntuetan utziz gauzatu daiteke eskaera eta saskia Euskal Herriko 200 herri baino gehiagotan jasotzeko aukera izango da.

Bilbon ere, Euskarari Puzka!

Bilbon aurkeztu zuten atzo kanpaina Jose Angel Iribar, Athleticeko jokalari historikoa eta euskalzalearekin batera. Haizea Lizarbe Errigorako kideak eta Oihana Bartra Bilboko euskararen aldeko mugimenduko kideak era parte hartu zuten hitzartzean.

Paisaia aldatu dute aurtengo kanpainari ekiteko eta hiri handiko elkartasuna jaso dute. Hartara, auzoz auzo ibiliko dira bilbon Errigora zabalduz. Urriak 25 Santutxun, 26an Deustun, 29an Indautxun, 30an Kastañosen eta 31an Bilbin izanen dira. Azaroan, Atxurin azaroaren lehenean, 2an Alde Zaharrean, 4an San Inazion, 7an Miribillan eta 8an Errekalden. Auzo gehienetan banaketa-puntuak daude eta hauetara saskiak eskatzeko deia luzatu die Errigorak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!