Koldo Martinez: “Harro nago egindako lanaz, gu gabe ez baitzen aldaketarik izango”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urr. 17a, 13:44

Martxoan prostata minbizia zuela jakinarazi zuen, orain Geroa Bairen Iruñeko zinegotzi kargua utzi du. Koldo Martinezek 71 urterekin utzi du politika instituzionala, ibilbide luze eta, 2015etik, intentsu baten ondoren: parlamentari Nafarroan, senatari Madrilen eta zinegotzi Iruñean. Lasaitasunez zein baikortasunez egiten dio so etorkizunari. Eta erretiroa hartuta “askatasun osoz” mintzo da, aho bilorik gabe, beti bezain mingain zorrotz.

Zer moduz zaude?

Ongi nago. Minbiziak hor segitzen du. Hasiera batean, esan zidaten dena garbi zegoela. Gero, esan zidaten ganglio batzuk hartuta neuzkala eta tratamendua jarri zidaten. Baina egon ongi nago, ongi sentitzen naiz, gustura, aktibo. Gertatzen zaidan gauza bakarra, oraingo behintzat, asko nekatzen naizela da. Ezin ahaztu 71 urte dauzkadala.

“Egoera honetan, mediku intentsibista izateak laguntzen dit, betidanik izan baititut presente gaixotasuna eta heriotza”

Mediku intentsibista izan zara. Halako kinka batean horrek lagundu al dizu?

Bai, mediku izateak eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean hainbeste urtez lan egin izanak lagundu dit gizakiok zaurgarriak garela barneratzen. Nik  nire bizitza osoan heriotza presente izan dut. Maila horretan lagundu dit. Oso lasai nago. Gaixotasunak eta heriotza gizakion arazorik handienak dira, eta horiek ulertzen lagundu dit, bai.

Bizitza osoa eman duzu galtzak bete lan: sendagile moduan, euskararen aldeko mugimenduko kide moduan, politikari moduan. Erretiroa hartuta, deskonpresio arazorik?

Pasa den osteguneko 23:15ean utzi nuen udala, ia ostirala zen. Ostiralean elkarrizketa bat izan nuen, larunbatean Atarrabiako txupinazoan izan nintzen, igandean koalizioko [Geroa Baiko] batzuen bazkaria izan genuen Uxuen, astelehenean ez dakit zer... Esanen nuke lehen jubilazio eguna hurrengo osteguna izan zela. Donostiara joan nintzen, Arrasateko nire lagunekin, Arrasateko lagunek bazkari bat antolatu zidatelako. Saltsan sartuta nabil.

Eta zer eginen duzu?

Bizitza berri hau berrasmatzen ari naiz. Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Izan ditut gonbidapen batzuk gauza diferenteak egiteko. Lehen hilabete hau lasaitasun osoz hartuko dut, eta gero ikusiko dugu. 

“Gauza diferenteak” diozunean, zertaz ari zara, sukaldaritza ikastaro batez ala jarduera profesional batez?

Nire bikotekideak atzo bertan asko gustatzen zaizkidan bi plater nola ontzen diren erakutsi zidan. Ez dakit errepikatzeko gai izango naizen. 

Jarduera profesionalagoez ari zinen?

Gobernuz kanpoko erakunde jakin batek gauza konkretu bat egitera gonbidatu nau, baina ez da nire gustukoa. Ni jada ez nago lan administratiboa egiteko. Ni beti izan naiz kalean egoten diren horietakoa eta ez bulego batean, nahiz eta azken urteotan hori tokatu zaidan. Beste batzuek bioetikara bueltatzeko eskatu didate irmotasunez, baina horretarako ordu asko sartu beharko nituzke azken urte hauetan irakurri ez ditudan gauzak irakurtzen. Une honetan ia-ia jaioberri baten antzera nago, mundua, etorkizuna guztiz zabalik daukat. Beno, guztiz ez, 71 urte pasa baitira. Baina erabaki beharrekoa erabakiko dut, gertatu beharrekoa gertatuko da. erabaki hori hartzea izan dadila izango dudan problemarik latzena.

Nolakoa izan zen politika instituzionala uztea erabakitzeko unea? Zer nolako barne solasaldia izan zenuen zeure buruarekin?

Udal hauteskundeetara aurkeztu nintzenean banekien prostatako minbizia neukala, baina egiten zizkidaten azterketa guztietan esaten zidaten geldi zegoela, gauzak ongi zeudela eta orduan neukan tratamenduarekin segituko nuela. Handik hilabete batzuetara, ordea, martxoan, esan zidaten gauzek okerrera egin zutela eta ebakuntza egin beharko zidatela. Hor jada bueltak ematen hasi nintzen. Azken bolada honetan esan zidatenean ganglioak ere hartuta neuzkala eta tratamendua jarri behar zidatela, erabaki nuen guztiz utzi behar nuela. Zer sentitu nuen? Alde batetik pena. Parlamentura ailegatu nintzenetik ia hamar urte joan dira eta urte hauetan guztietan horretan aritu naiz buru belarri. Pena, beraz, udalean gustura nengoelako, Geroa Bairekin oso lan talde polita lortu genuelako, gobernu taldean geundelako. Baina beste alde batetik nolabaiteko poza ere sentitu nuen. Esan nuen: geratzen zaidana askatasun osoz biziko dut, jubilatuta. Sentimendu kontrajarriak dira, baina bizitza hori da gehienetan, bizitzan gertatzen zaigun guztiak bi aldeak dauzka, nona eta txarra.

“Ezker abertzaleak aldaketa eta aurrerapauso asko egin ditu, baina etikoki oraindik asko falta zaio”

Politika instituzionalean egin duzun bidearen balorazioa egiteko egiteko tenorea da: 2015etik, Nafarroan parlamentari, Madrilen senatari eta Iruñean zinegotzi. Karguei dagokienez, arantzaren bat geratu al zaizu? Alkate, kontseilari, lehendakari...

Ez, ez, ez. Inolaz ere ez. Nik beti izan dut argi ia beti bigarren postuko pertsona izan naizela. Oroitzen naiz Euskadiko Ezkerran nengoela parlamentura aurkeztu nintzela, baina bigarren postuan, Ramon Arozarenaren atzetik. Ramon atera zen parlamentari eta ni ez, noski. Alde horretatik ez dut inoiz izan gehiegizko anbiziorik...

Aurrekoan Edurne Elizondok Nafarroako Hitza-rako egin zizun elkarrizketan zenioen egoak politikan baduela bere garrantzia.

Bai, baina egoek non ez dute garrantzirik? Kazetarien artean? Artisten artean? Toreroen artean? Igeltseroen artean? Egorik ez duen pertsona bat ez da pertsona. Gertatzen dena da hainbati interesatzen zaiola esatea politikariok ikaragarrizko egoa daukagula. Alde horretatik arazorik ez. Nire egoa badut, jakina, eta nire senarrarekin mintzatzen bazara esango dizu kristorena dela, gainera [barrez].

Zer pentsatuko luke 18 urterekin HASen sartu zen Koldo Martinez gazte hark politikan egin duzun ibilbideaz

Pertsona horrek gauzak asko aldatu direla pentsatuko zuen, Koldo Martinezengan eta nafar gizartean. Une hartan alderdi guztiak ilegalak ziren, diktadura baten pean bizi ginen, alderdi politiko legezko bakarra Mugimendu Nazionalarena zen, ez zegoen askatasunik. Une honetan, demokrazia batean bizi gara, parlamentu bat daukagu, ETA desagertu da... Hori izanen litzateke pertsona hark pentsatuko lukeena. Gauza pilo bat aldatu dira: Nafarroan euskararen aldeko laguntza areagotu egin da; euskarak aurrera egin du nahiz eta askok, edo behintzat batzuek, gehiago nahiko genukeen; askatasunak hor daude; alderdi politikoak hor daude... Zorioneko hainbat aurrerapauso eman ditugu. 

Zu zeu ideologikoki aldatu al zara?

Bai, noski. Une hartan frankismoaren aurkako pakete berean zetorren dena: sozialismoa eta independentzia. Nik une hartan neure burua independentistatzat aurkezten nuen. Baina duela urte asko hasi nintzen esaten ni ez naizela independentista...

Eta abertzalea? 

Abertzalea bai baina independentista ez. Benetan gustatuko litzaidake norbaitek ni konbentzitu ahal izatea Nafarroako gizarteari independentzia komeni zaiola. Horretan porrot egin dute independentzia zaleek. Une honetan Nafarroan oso independentzia zale gutxi dago, %3? %4? %5? Gutxiago agian?

Subiranismoak akaso sustengu handiagoa du.

Bai, baina hori ere sekulako aldaketa izan da. 

HASen hasi zinen, gero HASI bihurtuko zena. Zatitu zen eta Euskadiko Ezkerrera pasa zinen. Euskadiko Ezkerra zatitu zenean, Euskal Ezkerrera. Handik Nafarroa Baira igaro zinen, eta hura ere zatitu zenean, Geroa Baira. Euskal politika halakoa da ala zu zara?

Ez dakit eta berdin zait, baina errealitatea hori da. Orain dela gutxi, beste kazetari batek oroitarazi zidan Nafarroa Bai sortu genuenean, batzar handi batean, han ziren alderdiei esan niela: "Begiratu nazazue begietara eta entzun: zuetariko norbaitek, bere interes politikoengatik edo beste arrazoi batengatik, koalizio hau uzten badu, betirako nire madarikazioa izango du". Halakoak gertatzen dira. Ni beti nahiko inkonformista izan naiz, baita nirekiko ere. Gizarteak, edo euskal politikak, hobe luke inkonformista izaten jarraitu.

Inkonformista ez ezik konfrontazio zalea ere izan zara. Adibidez, polemika ugari eduki izan dituzu ezker abertzalearekin...

Bai. Niri ezker abertzalearekin gertatzen zaidana da... Ez dut ulertzen. Har dezagun indarkeria, adibidez. Haiek biolentzia esango lukete. Egun batean biolentzia zale oheratu ziren, eta biharamunean indarkeriaren aurka esnatu ziren, indarkeria izan ez balitz bezala. Nik ez dut onartzen orain dela ia 100 urte gertatutakoarekin justiziero sutsuak izatea eta orain dela 20 edo 15 urte hemen gertatutakoarekin amnesikoak izatea. Nik hori ulertzen dut baina ezin dut onartu. Eta nik hori mahaira ekartzen diet ahal dudan guztietan. Adibidez, Joseba Asiron alkatearekin askotan elkartzen ginen ikusteko gauzak nola zihoazen udalean. Eta duela gutxi esan nion: ezin dut ulertu UPNk aurkeztea Tomas Caballeroren heriotzaren urteurrenean oso mozio zuria eta EH Bildu abstenitzea. Hogeita sei urte pasa dira eta hala eta guztiz ere abstenitu egin ziren. Nik hori ezin dut onartu. Hogeita sei urte pasa dira eta abstenitu egiten zara, baina aldi berean ari zara memoria demokratikoa dela-eta orain ia 100 urte gertatutakoaz justiziero izaten. Gure kontraesanak argi eta garbi analizatu eta atera behar ditugu. Nik halakoak ezin ditut ulertu. Eta badira beste kontraesan asko. Adibidez, euskaraz bizi nahi dut, baina gero gehienetan gure artean gaztelera erabiltzen dugu. Oroitzen naiz Euskara Kultur Elkargoan nengoenean lema hori atera zela: euskaraz bizi nahi dut. Eta nik esaten nien, batez ere Nafarroan, askoz inteligenteagoa izango zela euskaraz ere bizi nahi dut. Oso gogor kritikatu ninduten. Baina kontua da euskaraz bizi nahi dut hori sutsuen defendatzen duten askoren artean gaztelera hutsa erabiltzen dutela, batetik euskara ikasteko gogorik, denborarik, nahirik izan ez dutelako; bestetik, dakitenek euren harreman sozial eta politikoetan euskara ez dutelako erabiltzen. Bestela jarrai ezazu udaletxeko edozein osoko bilkura edo batzorde… 

Jarraitzen ditugu eta alimaleko arazoak dauzkagu euskarazko korteak lortzeko, bai EH Bilduren ordezkariek bai Geroa Bairenek ere ez duzuelako euskara apenas erabiltzen.

Bai, noski, nik neure kontraesanak, batzuk behintzat, oso ongi ezagutzen ditut. 

“PSNren eta UPNren arteko lotura hautsi genuen, eta hori Nafarroaren historia politiko demokratikoko lorpenik handiena da”

Ezker abertzalearekin sestran ibili izan zara, baina zure ibilbide politikoki tarterik oparoena, 2015etik gaur artekoa, haien eskutik egin duzu.

Eskutik baino ondoan esango nuke. Egia da Uxue Barkos lehendakari izatera ailegatu zela Bilduren botoekin, noski. Baina, adibidez, ni senatura ez nintzen Bilduren botoekin joan. Bilduk beste pertsona bati eman zizkion bere botoak. Badakizu nola idazten dudan Bildu? eHBildu, H eta B handiekin. Haserretu egiten dira, baina niretzako horrek esanahi handia du.

Herri Batasuna gogoan.

Bai, horrexegatik, noski. Senatari autonomiko izendatu nindutenean Bilduk beste bati eman zion botoa. Hor daude eta kristoren aldaketak eta aurrerapausoak egin dituzte, baina, batez ere etikoki, asko falta zaie. Niretzat politika eta etika eskutik joan behar dira. Etika soilik, politika gabe, hitz hutsez betetzen da, eta politika etikarik gabe ustelkeria da, eta ustelkeria morala ere hor dago.

Politika insituzionala utzi duzun honetan, nola dakusazu panorama Nafarroa Garaian?

2015 urtea izan zen Nafarroaren historia politikoan behin-behineko aldaketa suposatu zuena. Uxue Barkos gobernura iristeko, UPNren eta PSNren arteko ezkontza hori hautsi genuen. Hori ikaragarrizko lorpen bat izan zen, Nafarroaren historia politiko demokratikoaren hausturarik garrantzitsuena. Geroztik gauzak bide horretatik doazela ikusten dut, eta alde horretatik pozgarria da egoera, onargarria da egoera eta positibotzat jotzen dut.

Baina zer espero duzu etorkizunera begira?

Ni espero daitekeenaz ez naiz gehiegi aritzen, nik desio dudanaz hitz egiten dut, eta desio dudana da demokrazia gero eta sakonago bat edukitzea gure erkidego honetan, benetako demokrazia bat, eta horren alde lanean jarraituko dut.

Harroen, beraz, Nafarroa Bain eta Geroa Bain egin duzun bideaz.

Bai, aldaketarik ez zen izango Nafarra Bai eta Geroa Bai gabe, eta hori da geure baliorik handiena, bai 2025ean eta baita 2019an ere; izan ere, 2019an askok eta askok esaten ziguten ez emateko botoa Txibiteri, eta hauteskundeak errepikarazteko. Baina hori ez zen demokratikoki onargarria. Guk geure botoa Txibiteri ematen bagenion bagenekien bigarren edo hirugarren maila batean geratuko ginela, baina hori zen demokraziak eskatzen zuena. Egin behar genuena egin genuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!