Osasunak eta bere Fundazioak AEKren aholkularitza jasotzen jarraituko dute 2027ra arte. 2018an hasitako elkarlanari jarraipena eman diote gaur sinatutako hitzarmenaren luzapenaren bitartez. Azkeneko sei urteetan egindako lanarekin pozik agertu dira bi aldeak, baina hitzarmen berriak erakusten du oraindik ere lan handia dagoela kirol elkartean euskararen presentzia areagotzeko.
Hurrengo urteetarako zehaztutako lehentasunen artean, bazkideei euskaraz eskaintzen zaien zerbitzu eta komunikazioak handitzea edota Taxoareko instalakuntza berrituetan harrobiko jokalariekin ekimen berriak martxan jartzea.
AEK pozik agertu da hitzarmenarekin, “aintzat hartuta Osasunaren irismen ikaragarria, horrelako eragile indartsu batek euskara normaltasunez erabiltzeko bideak urratzeak bat egiten du, zeharo, AEKren misioarekin eta jardunekin”.
Orain arte garatu dituzten bi planetan sentsibilizazio-jarduerak, euskara-eskolak edota itzulpen-planak jarri dira indarrean. Besteak beste, Sadar futbol zelaiko errotulazioa, bazkideei zuzendutako euskarazko mezuak, edota lehen taldearen X sareko euskarazko kontua, ia sei mila jarraitzaile dituena.
Urteak aurrera joan ahala igo egin da euskara ikastera animatu diren Osasunako langileen kopurua. Aurreko ikasturtean 14 izan ziren. Haurrekin aritzen diren futbol-eskoletako teknikari guztiek jaso dituzte hizkuntza-aniztasunaren gaineko motibazio-saioak eta oinarri metodologikoak ere. Egun, futbol-eskoletako 5 taldetik batean euskaraz ari dira, guztira 330 haur aritzen dira euskaraz eta Iruñerrian eta Lizarran euskarazko 5 futbol-eskola talde sortu dira. Euskaraldia edota Korrika bezalako euskararen aldeko ekimenetan ere parte hartu du Osasunak azkeneko urteetan.