Podcasten denboraldia martxan, Euskalerria Irratian

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 15a, 13:38

'Flop Kultura' bideopodcastak ekainaren 5ean, Iruñeko Laba elkartean egindako saioa.

Bueltan dira Danel Pascualen eta Eneko Garciaren Flop Kultura (asteartero) eta Amets Aznarezen eta Ion Celestinoren Irratiak ordaintzen digu trena (asteazkenetan, bi astean behin).

Bideopodcastez gain bi audiopodcast ekoiztuko ditu Euskalerria Irratiak, beste horrenbeste erakunderekin elkarlanean: Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskutik, Konpainia karrikako amesgaiztoa, Santi Leonek eta Jaume Galabertek zuzenduriko zinema fantastikoari buruzko saioa; eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Graduarekin batera, Zertarako hau ikasi?, Irune Bueno Delgado, Irati Garcia Etxeondo, Olaia Garcia de Amezaga Lizarraga, Edurne Turrillas Bueno eta Irati Zurbano Zuazu historialariek egina.

Lehen denboraldi arrakastatsuaren ondotik, Flop Kultura bideopodcasteko lagunak hautsak harrotzen segitzeko gogoz itzuli dira. Haien hitzetan, beren saioan “bi trabesti eszeptikoren ikuspuntua” ematen dute “pop kulturaren inguruan”. Iragan denboraldia Iruñeko Laba elkartea mukuru betez amaitu zuten. Zuzeneko saio hartan Pello Reparaz eta Euskoprincess elkarrizketatu zituzten. Denboraldian zhear haien mikrofonoen aitzinetik igaro ziren, besteak beste, Izaro Andres eta Ane LIndane.

Irratiak ordaintzen digu trena bideopodcasteko lagunek ere zuzeneko saio batekin amaitu zuten joan den denboraldia. Haiek Katakrak liburu dendan egin zuten festa eta, besteak beste, Burutik taldeko Jokin Barriola eta Chill Mafia taldeko Beñat Rodrigo Kiliki Frexko eduki zituzten gonbidatu moduan. Aurreko saioetan haien mikrofonoen aurretik pasa ziren Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren eta Maite Arroitajauregi musikaria.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!