Elikaduraren Nazioarteko Eguna izanen da asteazkenean eta Pobreziarekin Amaitzeko Nazioarteko eguna ostegunean. Ingurumari horretan, zenbait aldaketa iristen ari dira Europatik pertsona zaurgarrienei gutxieneko elikagaiak izan ditzatela ziurtatzeko. Orain arte Europatik zetorkion, adibidez, Elikagaien Bankuari diru-funts garrantzitsua. Elikagaien Bankuek kudeatzen zuten euren erabiltzaileen artean elikagaiak banatzeko. Bada, horixe aldatu eginen dela iragarri dute: zuzenean familia zaurgarrienetara bideratuko dute dirua Europako Funts Sozialen ataletik: txartel bat jasoko dute adin txikikoak dituzten familia zaurgarrienek. Txartel horrekin erosketa egitera joaten ahalko dira zuzenean: 130 euro eta 220 euro artean izanen dute oinarrizko produktuak eskuratu ahal izateko, zenbatekoa, familiaren ezaugarrien araberakoa izanen da.
Indarrean da dagoeneko txartel banaketa berri hori . Iraila arte gurean 290 familiak dute halako bat hilero erabiltzeko. Guztira, laguntza hori beharko luketenak hori bai, 314 dira. 2024rako aurrekontua 1,2 milioi eurokoa da. Orain arte, txartel horien erabiltzaileen artean erdia adin txikikoak dira eta gutxieneko prestazioa jasotzen duten hamarretik zortzi emakumeak. Pasa den maiatzean hasi ziren laguntza modu berri honetan banatzen: bi familiarekin lehenbizi eta uztailaz geroztik 290 familiak erabiltzen dute.
Eragina ez da "horrenbesterako" izanen
Aldaketa sumatuko dute noski Nafarroako Elikagaien Bankuan, baina ez da kaltea handiegia izanen Marisol Villar Nafarroako Elikagaien Bankuko presidentearen ustez. "Guk jasotzen ditugun laguntzen artean Europatik zetorrena %8 baino ez zen. Eragina ez da horrenbesterako izanen". Beraz, orain, diote, zerbitzua okerragoa izan daitekeela, esfortzu handiagoa egin beharko dutela euren erabiltzaileen artean elikagai sorta "osoa" izan dadin ziurtatzeko.