"Mediku falta" dago Fernando Dominguez buru den kontseilaritzak hartutako erabakiaren atzean. "Onartezina" da bizilagunentzat arratsaldez eta gauez ezin joan izatea osasun etxera Erriberrin: "Lehen mailako arreta ez bada %100 eskaintzen herritarrak arretarik gabe gelditzen dira", salatu dute. Despopulazioaren izenean ere hitz egin zuten: "landa eremuan borrokan" eta "osasunik gabe are gehiago larritzen da herrietako egunerokoa" lemak oihukatu zituzten atzo egindako manifestazioan.
Alkateak berak hartu zuen hitza manifestazioaren amaieran, Josu Etxarrik: "Larrialdi zerbitzu hori gabe geratu den eremu bakarra da Erriberrikoa eta ulertezina da larrialdi zerbitzua arratsaldez eta gauez kentzeko erabakia hartzea", adierazi zuen. Nafarroako edozein herritarrek dituen zerbitzu berak nahi dituztela aldarrikatu dute, bigarren mailako bizilagun izan gabe. Kexu azaldu zen Etxarri Dominguezen kontseilaritzak albistea emateko hartutako bidearekin ere: dei bakar batean jakinarazi zieten egoera berria: "Gutxienekoa litzateke idatziz jasotzea eta informazio guztia izatea: zergatik hartu duten erabakia, noiz arte izanen den eta nora jo beharko duten gure bizilaginek egoera bideratzen ez den bitartean". Tafallara jo beharko dute egunotan arratsaldez edo gauez larrialdi zerbitzua behar izatekotan.
Protestak atzo eta baita asteartean ere
Bihar Nafarroako Parlamentuan izanen dira Erriberriko Udaleko alkatea zenbait zinegotzirekin batera lan saio batean: egoera aztertu eta soluzioak exijituko dituzte. Bitartean, kalean protesta eginen dute herritarrek. Legebiltzarraren atarian eginen dute protesta 9:30etatik aurrera.