'Mamuki', ikara eta sustoa lagun dituen albuma

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 9a, 13:08

Mamuki album ilustratua aurkeztu dute gaur.

2024ko Etxepare Sariaren irabazle izan dira Nerea Ariznabarreta idazlea eta Maite Rosende ilustratzailea. Mamuki aurkeztu dute gaur, bien artean osatu duten album ilustratua. Beldurrari buruzko liburu umoretsua dela nabarmendu dute biek. 

Beldurrari buruzko album umoretsua da Mamuki. 2024ko Etxepare Saria irabazi zuten Nerea Ariznabarreta idazleak eta Maite Rosende ilustratzaileak. Mamu bat da protagonista. Gela batean gertatzen da istorioa. Ikara eta sustoa dira nagusi, baina baita mukia ere. "Mukiz josia dagoen mamu bat da protagonista. Gaixo dago eta ohiko egun batean egiten dituenak baztertu beharrean ikusi du bere burua. Sustoak ematen segituko du, hori bai", adierazi du Ariznabarretak. Beldurra eta adiskidetasuna umorez lantzen dituen albuma da Miren Asiain epaimahaiko kidearen esanetan: "Mesanotxe askotan egonen den liburu faboritoa bilakatuko da etxe askotan".

"Zerbait pedagogikoa izan gabe, dibertigarria da liburua", adierazi du Pamiela argitaletxeko Carmen Elvirak. Hausnartzeko tarte bat ere ematen du Ariznabarreta eta Rosenderen esanetan: "Gaixorik gaudenean sortzen zaigun frustrazioaz pentsatzeko aukera bat izan daiteke". Abesti bat ere sortzeko ideia badute buruan. Ipuina kontagarria delako guztiz: "Errimak garrantzia handia du testuetan. Ipuin kontalaria naizen aldetik, horrek aukera ematen die haurrei lerroen bukaerak errepikatu edo asmatzeko adibidez", azaldu du Ariznabarretak. 

Barruko mamuak ateratzeko bidea izan daiteke Mamuki, "umorea beti bizilagun" duena. Salgai dago albuma 15 euroan.

Ibilbide luzeko saria

Etxepare Saria 23 toki entitatek sustatzen dute eta haurrentzako album ilustratuak sortzeko proposamena egiten du. Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri elkarteak laguntzen dute eta Euskarabidearen babesa ere badu. 2025erako edizioa urtarrilean aurkeztuko dute. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!