Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak seigarrenez abiatu du ‘Giza Eskubideak eskuz esku ipuina’ ekimena. 40 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako bi mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dute. Dagoeneko martxan da eta azaroaren 14ra arte iraungo du proposamenak.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna abenduaren 10ean ospatzen da eta horren karietara antolatu dute ekimena. Giza eskubideak ardatz, katean, eskuz esku, ipuina idatziko dute ikasleek. Abiapuntua izango dute ikasleek, Ana Jaka idazleak idatzitako sarrera izango da abiapuntua euskarazko lanen kasuan; Sandra Iraizoz eta Juan Frommknecht idazleek gaztelaniazko sarreraz arduratu dira.
Ondoren, ipuinaren gorputza osatuko dute ikasleek, ikastetxe bakoitzak paragrafo bat edo bi gehituko dizkio. Bukaerako emaitza, ipuina, liburu batean jasoko da eta ikastetxe guztiei zein herritarrei helaraziko zaie.
Aurreko edizioetako ipuinak eta liburuen aurkezpenak Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean ikusi daitezke.
Ipuina, paperetik ahora
Abenduaren 9an, astelehenarekin, Iruñeko San Frantziskoko Liburutegian ipuina aurkeztuko da. Bertan, proiektuan parte hartu duten ikasleen ordezkaritza batek eta sarrerako testuen hiru egileek, Sandra Iraizoz, Ana Jaka eta Juan Frommknechtek, hartuko dute parte.
Aurten, gainera, Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika narratzaileek ahotsa jarriko dizkiete ipuinei. Abenduaren 9tik 13ra bitartean, Nafarroako bost udalerritan ahozko narrazio saioak egingo dira, Nafarroako ikasleek sortutako Giza Eskubideen aldeko ipuinak oinarri hartuta.