Lehen arretako telefono linearen “kolapsoa” eragotzi eta arintzeko neurria da hori. Zentralita adimendunen proiektu pilotu bat abiatu zuten maiatzean Iruñeko osasun etxe batzuetan, eta emaitza onak eman dituela ikusita, urriaren 10etik aurrera Nafarroa osoko osasun etxeetara zabalduko dute neurria.
Ezinezkoa izaten da askotan osasun etxera deitzean bestaldean norbaitek telefonoa hartzea, batez ere, ireki eta berehala, goizeko 8ak eta 10ak bitartean izaten da arazoa. Fernando Dominguez Osasun kontseilariak azaldu du funtzionamendua: “osasun etxera deitzean linea okupatuta badago, zortzi zenbakia sakatuta, zentrotik deia itzuliko dute”.
Hartara, zentralita adimendunei esker, erabiltzaileek ez dute zertan telefonoari lotuta egon behar.
Dei bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ilaran, eta, lineak libratzen direnean, osasun etxeko langileek banan-banan itzuliko dituzte dei guztiak, ordena errespetatuz. Beraz, behin deitzearekin nahikoa izanen da kontsulta egiteko edota hitzordua eskatzeko.
Osasun kontseilariak neurria txalotu eta datu bat eman du. Maiatzean proba abiatu zenean, 20.000 dei inguru egin ziren eta horietatik %97,4 itzuli zituzten.
Bestalde, mediku faltari buruz ere mintzatu da kontseilaria. Iragarri du “egungo giza baliabideekin, indarrean den araudiarekin eta baliabide ekonomikoekin egin daitekeen guztia” egingo dutela. Gaineratu du, “urteetan egin ez zena ez dutela konponduko hilabete gutxi batzuetan”; proposamenak jasotzeko prest daude.