Pako Aristi: "Elkarrenganako miresmen eta xamurtasun handiko harremana izan zuten Uztapidek eta Xalbadorrek"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 1a, 19:34

XX. mendeko bertsolaritza markatu zuten bi bertsolarien arteko harremana zizelkatu du Aristik argitaratu berri duen liburuan: 'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi'

1960eko bertsolaritzan bi izen nabarmentzekotan, horiek Uztapide eta Xalbador izanen lirateke Pako Aristiren aburuz. XX. mendeko eta ondorengo urteetako bertsolaritzaren ibilbidea markatu bakarrik ez, eta euren laguntasunaren bitartez mugaz banandutako herri baten ahaidetasuna sinbolizatu zuten Manuel Olaitzola Uztapidek eta Fernando Aire Xalbadorrek. Pako Aristik adiskidetasun harreman hori islatu du Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen 'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi' liburuan. 

Aristiren iritziz, beren garaiko bertsolari onenak izanik Uztapidek eta Xalbadorrek bata bestea hobea egiten jakin zuten, oso estilo desberdinetako bertsolariak izanda ere: "Elkar elikatzen ziren, onak zirelako. Eta ona denak talentua du ikusteko albokoa ona denean norbera hobe egiten duela horrek". 

Aristiren liburuak bi bertsolarien ibilbidea zein elkarrekin bizitako une gogoangarriak biltzen ditu, tartean 1967ko Bertsolari Txapelketako une historikoa, Xalbadorrek txistuak jaso zituenekoa. Une hartan ere, Uztapide zuen ondoan urepeldarrak. Biak ala biak izan ziren puntako bertsolariak, biak hil ziren bihotzeko baten ondorioz, biak utzi zizkioten elkarri maitasun eta miresmen hitzak bakoitzak idatzitako memoria liburuetan. Aristiren iritziz, izan ere, xamurtasun handiz tratatzen zioten elkarri: "Laguntasun oso zintzo eta ona izan zuten, zalantzarik gabe". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!