Maria Elena Escudero gurpildun aulkian eserita sartu da LAB sindikatuaren prentsa aretora, bere senarrak bultzatzen zuen aulkia. Egoera horretan dago, 2020az geroztik pairatzen duen neke kronikoa larritu zenetik. Bihar itzuli beharko da lanera, Mendilloriko eskola garbitzen. “Ohetik aulkira eta aulkitik ohera mugitzen naiz soilik, eta dena nire bikotearen laguntzari esker” azaldu du haserre Maria Elenak, “Bihartik aurrera garbiketa gurdia bultzatzera behartuta nago, erratza pasa beharko dut ikasgeletan, mahai eta aulkiak garbitu…azalduko al didate nola egingo dudan?”. Osasunbidearen txostenak “euskarririk/laguntzarik gabeko jarrera finkoetan egoteko muga” duela aitortzen dio, “Era berean, patologia horiek etengabe minez bizitzea eta maila emozionalean ere funtsezko eragina izatea dakarte”. Hala eta guztiz ere, Gizarte Segurantzak eta lan egiten duen Zaintzen enpresaren osasun zaintza zerbitzuak ez diote ezintasun iraunkorraren aitortza ematen eta baja ukatu diote.
Maria Angeles Andres Taka-takan mugitzen da batetik bestera, %56ko desgaitasuna onartua du eta pertsona bat joaten da bere etxera, egunerokoan eta dutxa zein oinarrizko jardueretan laguntzera. Hala eta guztiz ere Patxi Larraintzar eskola garbitzera joaten da egunero. “Taka-taka utzi eta garbiketa gurditxora helduta mugitzen naiz” azaldu du Maria Angelesek, “Ezin naiz makurtu, ezin ditut mahaiak garbitu eta beldur izugarria du eskailerak garbitzea tokatzen zaidanean, eroriko naizelakoan”. Osasunbidearen txosten medikoak aitortzen du “patologia osteoartikularra dela-eta eguneroko bizitzan mobilizatzeko eta jarduerak egiteko muga garrantzitsuak dituen pazientea” dela, eta ohartarazten du “ibiltzeko eskorga behar duela” (taka-taka). Hala ere, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ez zion ezgaitasun pertzeptiboa eman eta, jarraian, Quirón Prevención osasun zaintza zerbitzuak, 2024ko abuztuaren 19ko txosten baten bidez, garbiketako langilea bere lanpostura itzultzera behartu zuen, mugekin bada ere “gai zela” ebatzita.
LAB sindikatuko arduradun Imanol Karrera bozeramailearen iritziz, Gizarte Segurantzako eta enpresen osasun zaintza zerbitzuetako arduradunak “Ez ziren burutik sano egonen bi garbitzaileak taka-taka baten eta gurpil-aulki baten laguntzaz lan egitera behartzeko erabakia hartu zutelarik”. Karrerak jokabide “Gizagabe, lotsagarri eta iragan mendeetako berezko” horren erantzule egin du CENeko enpresaburu nafarrek lan absentismoari buruz egiten duten diskurtso “manipulatua”.
LAB sindikatuak ohartarazi duenez, Gizarte Segurantza langileen bizi kalitatea okertzen ari da, egoera tamalgarrietan lan egitera behartu arte, bi garbitzaile hauen kasuan bezalaxe. “Arrazoi ekonomiko hutsek gidatuta, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ezintasunak ez errazteko agindua du, eta, beraz, urtetik urtera langileen bizitza okertzen ari da”, gaineratu du Karrerak.