Oteiza Museoa doan bisitatu ahalko da asteburuan

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 25a, 11:29

Nafarroako Ondarearen Jardunaldiekin bat egingo du museoak eta ate irekiak egingo dituzte ostiraletik igandera. Bi bisita gidatu ere antolatu dituzte: Museoko zuzendariaren eskutik lehena, eta zentroko biltegia eta artxibora bisita bigarrena.

Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak lelopean abiatu dira Ondarearen Europako Jardunaldiak eta Oteiza Museoak bat egin du Nafarroako Ondarearen 2024ko Europako Jardunaldiekin. Hartara, zenbait ekintza antolatu ditu: ateak irekien hiru egun, museoko zuzendari Gregorio Diaz Ereñorekin bisita gidatua, eta zentroko biltegietara eta artxibora bisita gidatua.

Ostiraletik igandera bitartean, ohiko ordutegian, bisitariek museoko bilduma iraunkorreko erakusketara eta Oteizaren tailer-etxera sartzeko aukera izanen dute. Ostirala 10:00etatik 15:00etara, larunbata 11:00etatik 19:00etara, eta igandea 11:00etatik 15:00etara izango da bisita ordutegia.

Ohiko espazioak ezagutzeaz gainera, Agustina Otero artistak museorako berariaz garatutako Zirkuluaren zerumuga erakusketa-proiektua ikus daiteke egunotan.

Bisita gidatuak museoko kideen eskutik

Larunbatean, eguerdiko 12:00etan Gregorio Diaz Ereño Museoko zuzendariak gidatutako ibilbide bat antolatu dute. Jorge Oteizaren figurak eta obrak kulturaren eta artearen elkargune gisa duten garrantziaren hurbilketa proposatzen du bisita honek.

Igandean, berriz, museoa barrutik, biltegitik artxibora ezagutzeko bisita gidatua egingo dute eguerdian. Artxibo dokumentala eta artelanen kontserbazio-baldintzen inguruan sakontzeko aukera eskainiko du bisitak.

Biak ala biak doako jarduerak dira eta edukiera mugatua denez gero, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea; recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta egin daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!