50 langile baino gehiago dituzten enpresak behartuta daude 2019tik Berdintasun Plan bat indarrean izatera. Comisiones Obreras sindikatuak ohartarazi du Nafarroan ez dela betetzen ari: lantoki horien %43ak baino ez du martxan Berdintasun Plana. "Tresna baliagarria da emakume eta gizonen arteko arrakala txikitzeko, baina ez dira eskakizuna betetzen ari", salatu du CCOOren Nafarroako arduradun Chechu Rodriguezek. Sindikatuak onartu du "gutxika" soldaten arrakala txikitzen ari dela, 907 euro txikitu da aldea azken urtean, baina oraindik ere emakumeek 5.927 euro gutxiagoko soldatak dituztela bataz beste.
"Lanaldi partzialak lana eta familia bateragarri egiteko bidea direla pentsatzea mito bat da eta horrekin hautsi egin behar da", adierazi du Rodriguezek. Izan ere, 33.800 emakume nafar ari dira lanaldi murriztuarekin eta aldiz 9.600 dira gizonak. "Emakume horiek guztiek lanaldi osoan ariko balira %70 txikituko litzateke soldatetan dagoen aldea", azaldu du. Horrez gain, Pilar Ruiz CCOOko Emakume eta Berdintasuna saileko idazkariak nabarmendu du soldaten arrakalaren atzean beste faktore batzuk ere badaudela: "Emakumeek kobratzen dituzte osagarri gutxiago edo plus gutxiago eta horrek eragiten du hilabete bukaeran gutxiago jasotzea dirutan".
Ezinbestekoak dira Berdintasun Planak enpresetan Comisiones Obrerasen esanetan. Nafarroako Gobernuari eskatu diote "zorrotz" ikuska ditzala enpresak betekizunarekin bat egiten dutela ziurtatzeko. Nafarroan dauden 479 enpresetatik 206 baino ez dira eskakizuna betetzen ari. "250 langile baino gehiago dituzten lantokiak dira huts egite gehien dituztenak. Ez daude prest Berdintasun Planek eskatzen dutenarekin betetzeko: besteak beste, langile bakoitzaren soldataren berri ematearekin", uste du Ruizek.