Komunitatearekin komunitatearentzat
Denboraldiko lehen Metropoli Forala saioa monografikoa eta ibiltaria izanen da. Astelehenean, irailaren 16arekin, 9:00etatik 11:00etara eginen dute. Iruñeko Udalak Alde Zaharrean pisu turistikoak zabaltzeko lizentzia gehiagorik ez ematea erabaki berri du. Saioa udaletxetik abiatuko dute, Joxe Abaurrea alkateordea elkarrizketatuz. Jarraian, auzoan zehar paseoa eginen dute Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak, atarian pisu turistikoak dituzten auzotarrekin, alokairuan bizi diren gazteekin, ostalariekin, dendariekin eta auzo elkarteko ordezkariekin mintzatzeko.
200 kolaboratzaile
Euskalerria Irratia komunitatetik eta komunitatearentzat aritzen da. Guztira, jakintza alor, belaunaldi eta joera ideologiko ugariko 200 kolaboratzailek parte hartzen dute haren programazioan. Esaterako, irrati iruindarreko goizeko magazinean denboraldi osoan kolaboratuko dute, besteak beste, Abel Barriola eta Mikel Idoate pilotari ohiek, Aingeru Epaltza eta Patxi Zabaleta idazleek, Nerea Perez Ibarrola historialariak eta Edurne Egino sendagileak.
Arratsaldeko saioak, Irrintzi Plazak, 16:00etatik 18:00etara, Miren Mindegia eta Unai Lako kazetariak izanen ditu gidari. Edukiko dituzten bidelagunen artean daude Marina Lameiro zinemagilea, Julen Arbizu Raimundo el Canastero taldeko musikaria, Dani Martirena kazetaria eta Iruñe Astiz sare sozialetan aditua. Arratsaldeko magazin bizian azkenaldian Iruñerrian horren oparoa den kultur sorkuntzari erreparatuko diote nagusiki.
Joera guztietako iritzi emaileak
Iruñerria Goizetik albistegiak Maialen Huartek zuzenduko ditu, 7:50, 8:20 eta 8:50ean. Eguerdiko Iruñerrian Gaur albistegiak, berriz, Haritz Pascual izanen du gidari. Biotan jardungo du Bidane Belokik. Albistegiotan iritzi emaile ariko dira, besteak beste, Bakartxo Ruiz, Jokin Castiella, Isa Egiguren, Joseba Ezeolaza eta Idurre Eskisabel. Xedea, Nafarroa Garaiko hiriburuko erakundeek sorturiko informazio ofiziala biltzeaz gain, euskaldunon hiri buruzagiko errealitate sozial eta kultural emankorraren berri ematea.
Halaber, astelehenetan, Eñaut Agirrebengoak Kirolerria saioa eginen du, 15:00etatik 16:00etara. Osasunaren gizonezkoen zein emakumezkoen taldeen segimendua eginen du, pilotari jarraimendu berezia eginen dio eta beste hainbat kiroli ere erreparatuko die, besteak beste, horren ezagunak ez diren kiroletan diharduten lagunak elkarrizketatuz. Eñautek berak eginen du Osasunaren etxeko partiduen kontakizuna, Ane Martiarenarekin batera.
Bideopodcasten aldeko apustua
Joan den denboraldian martxan jarritako bi bideopodcastek bigarren denboraldia urriaren batean hasiko dute. Danel Pascualek eta Eneko Garciak Flop Kultura saioa eginen dute astean behin, pop kulturari umore birrintzailez erreparatuta. Ion Celestinok eta Amets Aznarezek musika, filosofia eta ironia uztartzen segituko dute, Irratiak ordaintzen digu trena saioan. Azaroan beste bi bidepodcast jarriko dituzte martxan, baina oraindik ezin da deus aurreratu.
Audio podcastak auzolanean ekoiztuko ditu Euskalerria Irratiak. Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, zinema fantastikoari buruzko Konpainia karrikako amesgaiztoa plazaratuko du, Santi Leonek eta Jaume Gelabertek gidatua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Graduarekin auzolanean, Zertarako hau ikasi? aireratuko dute, Irune Bueno Delgado, Irati Garcia Etxeondo, Olaia Garcia de Amezaga Lizarraga, Edurne Turrillas Bueno eta Irati Zurbano Zuazu historialarien eskutik.