ETB3 ez dela Nafarroa osoan ikusiko salatu du Administrazioan Euskaraz taldeak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ira. 12a, 07:57

Lakuntzak, Lekunberrik eta beste hainbat udalerrik haurrentzako euskarazko katea ikusterik izan gabe segitzen dute. Nafarroako Gobernuak Administrazioan Euskaraz taldeari erantzun dionez, ez da posible egungo multiplex autonomikoan bereizmen handiko beste kanal bat sartzea, aukera bakarra beste multilplex bat martxan jartzea izanen litzateke, eta hori ez dago aurreikusita.

Administrazioan Euskaraz taldeak prentsa ohar baten bitartez gogora ekarri duenez, 2021eko azaroan, PSOEren Espainiako Gobernuak ETB3 Nafarroa Garai osoan ikusi ahal izatea ahalbidetzea adostu zuen EH Bildurekin, baina egun Lakuntzann, Lekunberrin eta beste hainbat udalerritan ETBren haurrentzako euskarazko katea ikusi ahal izan gabe segitzen dute.

Gauzak horrela, Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Gobernuari galdetu dio ea zertan diren ETB3 Nafarroa osora zabaltzeko lanak. Hasiera batean, foru exekutiboak zioen multilpex autonomikoan berezimen handiko bosgarren kanal bat sartzea posible izanen zela. Abuztuan idatziz emandako azken erantzunean, gobernuak aitortzen du hori ez dela posible, irtenbide bakarra beste multilpex bat martxan jartzea litzatekeela eta hori ez dagoela aurreikusita, betiere Administrazioan Euskaraz taldeak zabalduriko oharraren arabera.

“Umeek euskarazko edukiak izatea funtsezkoa da familia euskaldunetan zein erdaldunetan; izan ere, bestela erreferentzia horiek erdaraz jasoko baitituzte”, nabarmendu du Administrazioan Euskaraz taldeak prentsa oharrean.

Euskararen aldeko taldeak gogora ekarri du 2021ean, Katalunian, Super3 haur eta nerabeen kateak oso audientzia txikiak zituela, haurrentzako eta nerabeentzako kateetan audientziarik txikiena zuela. Haatik, 2022an, Super3 itxi eta SX3 sortu zuten. Inbertsio handiak egin zituzten eta eduki erakargarriz bete zuten. Ohiko telebistan eta online edukiak ditu. Eta hala, egun, haur eta nerabeen artean katerik ikusiena da.

Honatx prentsa oharraren azken mezua: “Ongi legoke ETB3k bide bera egitea, baina ETBko zuzendari Unai Iparragirrek aitortu zuenez, buruan duten gauza bakarra da ETB3 ohiko telebistatik kentzeko aukera, eta edukiak interneten bakarrik uztea. Beraz, hona hemen gutre eskaerak: ETB3 emititzea Nafarroa osoan, eta ETB3k Kataluniako SX3 bideari segit diezaiola. Euskararen transmisioa dago jokoan”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!