Trafiko eskuduntza Nafarroako Gobernuaren esku uztea onartu du Espainiako  Diputatuen Kongresuak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ira. 11a, 08:05

Espainiako Diputatuen Kongresuko atzoko bilkura. (Argazkia: Unai Hualde)

PPk kontra bozkatu du, eskuin muturreko Vox alderdiarekin batera. Senatuan gehiengoa dauka eta handik pasa behar da orain Foru Hobekuntzaren erreforma. Alderdi eskuindarrak behin betiko onarpena urte amaierara arte atzeratzea espero da.

Francisco Franco Bahamonde diktadorearen gobernuak 1962an kendu zion Nafarroako Diputazioari trafiko eskuduntza. Ordutik, foru gobernu guztien eskatu dute eskuduntza berreskuratzea. PPren zein PSOEren gobernuek hainbatetan onartu zuten eskaera, baina sekula ez zuten errealitate bihurtu.

Errealitate bihurtu behar zelarik, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen ez zela legezkoa, besteak beste, trafiko eskuduntza ez zelako eskuduntza historikoa. Horri erantzuteko tramitatzen ari dira Foru Hobekuntzaren erreforma, 49.3 eta 51.2 artikulek are argiago utz dezaten trafiko eskuduntzaren historikotasuna.

Erreforma horrek Nafarroako Gobernuaren, Espainiako Gobernuaren, Foru Parlamentuaren, Espainiako Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren onespena behar du. Azken hori izanen da zailena, senatuen gehiengoa PPrena eta eskuin muturreko Voxena baita. Nolanahi ere, senatuak ezar dezakeen blokeoa behin-behinekoa da, haren ezezkoa gainditzeko aski baita Kongresuak berriro erreforma onartzea.

Irudia

“Aurrerapauso historiko bat”

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Felix Taberna eta Foru Parlamentuko presidente Unai Uhalde Madrilen izan ziren atzo, trafikoaren eskuduntzaren inguruko Foru Hobekuntzaren erreformaren eztabaidan.

Lehendakariordearen aburuz, atzokoa “aurrerapauso garrantzitsu bezain historikoa da Nafarroaren autogobernuarentzat”. Legebiltzarreko presidentearen aburuz, “kezkagarria da Auzitegi Gorenak trafiko eskuduntzaren historikotasuna zalantzan jarri izana”. Halaber, foru parlamentuko “gehiengo zabal bat” transferentziaren aldekoa dela azpimarratu zuen.

EH Bilduk negoziatu eta adostu zuen Pedro Sanchezen gobernuarekin eskualdaketa. Indar subiranistako diputatu Bel Pozuetaren irudikoz, atzokoa “egun txarra, autogobernuari eraso egiten dion eta oztopatzen duen eskuinarentzat”.

Uxue Barkosen gobernuak ere bere garaian Espainiakoarekin eskuduntzaren eskualdaketa adostu zuen. Atzo, EAJko diputatu Aitor Esteban gogor mintzatu zen epaileen erabakien aurka: “Gorenak egin duena arrisku bat da foralitatearentzat, eta onartezina da”.

Sumar koalizioaren iznenean, Lander Martinez diputatu euskal herritarra erreformaren alde mintzatu zen: “Estatu plurinazionalak eskuduntzen dezentralizazioa eskatzen du”.

“Ez da foralitatea baizik eta negoziotxo hutsa”

PPren izenean, Sergio Sayas diputatu nafarrak ehoziri lanak egin behar izan zituen bere garaian begi onez ikusten zuen eskuduntza aldaketa kritikatu ahal izateko: “Ez ezazue foralitate moduan mozorrotu, negoziotxo trukea besterik ez dena”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!