'PiztuPower' Nafarroako afrikar jatorriko emakume gazteak aktibismoan trebatzeko proiektua

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 5a, 13:21

Kami Magassa eta Jaione Eugi PiztuPower proiektuaren aurkezpenean.

Munduko Medikuak PiztuPower proiektu "eraldatzailea" abiarazi du, Nafarroako emakume afro-ondorengo gazteei laguntzeko eta aktibismoan trebatzeko etengabeko formakuntzaren bitartez. 

Nafarroako Afrikako emakumeen ondorengoak diren belaunaldiari laguntza, ikaskuntza eta esperientziak eskaintzeko proiektua da PiztuPower. Munduko Medikuak antolatuta, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta 'la Caixa' Fundazioak bultzatutako Innova Programaren laguntzaren bitartez gauzatu dute. Ardatzean, Black Power taldea osatzen duten emakumeak ahalduntzea dago. Black Power taldeko presidente Kami Magassak nabarmendu du, “tresnak eskuratzea” ezinbesteko dutela haien identitatea sendotzeko eta “estereotipoei aurre egiteko”.

Hogei pertsona inguruk osatzen dute taldea eta 13 eta 22 urte bitarteko afrikar jatorriko ondorengoen neska gazte taldea dira; Flor de Afrika elkarteko emakumeen alabak dira. Magassak azaldu du txikitatik jaso izan dutela informazioa bigarren planoan, eta orain, aktiboki gazte gisa dituzten bizipenetatik eta posiziotik ekin, aldarrikatu eta aldaketa eragin nahi dute. Horretarako, #PiztuPower proiektuak emakumeak trebatu nahi ditu hiru urtetan garatuko den elkarlanaren bitartez. Jaione Eugi proiektuko teknikariak azaldu bezala “aktibismoa lantzeko formakuntza bereziak dira”.

Sexu eta ugalketa eskubideak dira formakuntza trinkoaren gai nagusiak, baina proiektua ez da formakuntzara mugatzen. Izan ere, bigarren urtean proiektu artistiko bat gauzatuko dute Uharte Arte Garaikideko Zentroarekin elkarlanean. Edozein diziplina artistiko jorratuko dute aktibismo artistikoa egiteko.

Azkenik, hirugarren urtean, behin oinarrizko formakuntza jasota, sareetan eragin politikoa nola egin eta nola parte hartu izango da azken ikastaroa. Bidelagun izatea eta arreta eskaintzea izango dira ekimenaren azken zereginak, Black Power taldea erakunde gisa bere kabuz jardun ahal izateko. Elkarri laguntzeko sareak sortuz, haien komunitatea ordezkatuz eta betiere, aurreiritziak hautsiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!