Nafarroako Joko Aretoen Elkarteak ohartarazi du ordutegi murrizketak "ondorio latzak" izango dituela

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 4a, 12:39

Jokoaren Legeak goizeko 03:30etik gauerdira aurreratzen du itxiera ordutegia eta “100 pertsona ingururen kaleratzea eragin dezake horrek”. Nafarroako Gobernuaren “gardentasun eta justifikazio falta” salatu ditu elkarteak eta araudi bateratu bat galdegin du.

Nafarroako Joko Aretoetako Enpresaburuen Elkarteak ohartarazi du lokalen itxiera aurreratzeak "ondorio latzak" izango dituela eta 100 pertsona ingururen kaleratzea suposatu dezakeela. Une honetan elkarteak sektoreko 10 enpresa ordezkatzen ditu Nafarroan, eta 300 pertsona enplegatzen ditu. Juan Lakarra elkarteko idazkaria da eta desadostasuna adierazi du Parlamentuan egindako saioan izan ere Foru Exekutiboak argudiatu du "ordena publikoan eragina" murrizteko hartutako erabakia dela, baina “ez dago hori babesten duen txostenik”.

Aurreko legegintzaldian jokoaren legearen eztabaida mahai gainean jarri zenean, elkarteak onartu zuen sektorea egokitu beharra. Baina, gaur egun, ez datoz bat legeak jasotakoarekin. 2023an alegazioak aurkeztu ondoren, Nafarroako Gobernuak, hilabete baino gutxiagoan, ohartarazi gabe testua aldatu eta hiru orduko ordutegi-murrizketa ezarri zuela salatu dute.

Legeak besteak beste jasotzen du aretoak etengabe ikuskatuko direla eta adingabeak sartzea debekatzen du. Hala ere, ez dago araudi bateraturik, 200 artikulu baino gehiago daude eta premiazkotzat jo dute lege bateratu bat sortzea. Aldiberean, zalantzan jarri dute, azken lege dekretu horrek, ez diela establezimendu guztiei berdin eragiten, “bidegabeko bereizketa” egin dutela gaineratu dute. “Gardentasun eza” eta “negoziazio falta” egon direla salatu du Joko Aretoen Elkarteak.

Alderdien iritzi kontrajarriek ez dute legearen edukia ezbaian jarri

PPk eta UPNk erabakia hartzerakoan irizpide eta ebidentzia falta egon direla kritikatu dute. Eta legearen edukia ezbaian jarri ez duten arren, gobernuaren jarrera eta jarduteko erarekin ez datoz bat. Bestalde, Geroa Bai ados dago legearen helburuarekin eta lege bateratu bat sortzeko beharrarekin, baina kezka adierazi du enplegu galerari dagokionez eta harridura adierazi du izan ere, araudiak kontseiluaren oniritzia jaso zuen eta elkarteko kideak kontseiluko parte dira. Bere aldetik EH Bilduk nabarmendu du “elkarrizketarako eta, beharrezkoa balitz, zuzentzeko garaiz” direla.

Azkenik, Zurekin Nafarroa ez dator bat elkartearen salaketarekin. Jardueraren ordutegia murrizteko erabakia babestu dute, alderdiak argudiatzen baitu aretoak ez direla gaueko aisialdiaren alternatiba izan behar. Gainera ludopatiak kezkatzen ditu. Eta kasu honetan, eragin lezakeen enplegu galerak baino gehiago kezkatzen dituela adierazi dute. Hori bai, zalantzan jarri dute, ordutegi murrizketa ez zaiela gune guztiei berdin aplikatzen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!