Nafarroak 2030era arte ordaindu beharko du A-12 autobidearengatik

Bidane Beloki Ezker 2024ko abu. 23a, 13:17

Hasierako planaren arabera 2027rako dena amortizatuko zuen Gobernuak, baina trafikoaren beherakadak, plana eragotzi eta gutxienez 2030era arte atzeratu du epea. 477 milioi euro falta dira oraindik zorra kitatzeko.

Bideko A-12 autobideko bidesariak Nafarroako Kontu Publikoak nabarmen baldintzatzen jarraitzen du. Beste behin ere, ez da bete Nafarroako Gobernuaren aurreikuspena. 2002an kontratua sinatzean amortizazio-planean 2027 ezarri zuten kanonaren ordainketa amaitzeko epetzat; baina Nafarroak ezingo du zorra kitatu gutxienez 2030era arte.

Hainbat faktorek eragin dute ordainketaren atzerapena, baina, bereziki, jatorrian aurreikusitako trafikoaren beherakada da arrazoi nagusia. Errepideko mugimenduak ekonomiaren isla izan dira. Lehen urteetan trafikoa eta ekonomia hazi ziren, baina lehen krisi ekonomikoaren eraginez, trafikoak behera egin zuen eta ez du berriz ere gora egin.

Are gehiago, pandemian ezarritako mugikortasun-mugek trafikoan eragin zuten eta autobidearen ustiatzaileek diru-konpentsazioa eskatu diote Nafarroako Gobernuari, Justizia Auzitegi Nagusiak kalte-ordainik ez ematea erabaki duen arren.

Trafikoaren beherakadak ere kontratu aldaketa ugari eragin ditu. Azkena, 2023an izan zen, Abertis enpresari saldu zitzaionean. 477 milioi euro geratzen dira oraindik ordaintzeko eta plan berriak ia 58 milioi euroko ordainketa ezartzen du 2024rako, 62 milioi 2025erako eta ia 66 milioi 2026rako. 2030era urtera arte geratzen den gainerakoa, ez da momentuz urteka banatu.

22 urte geroagoa, zorra kitatzetik urrun dago beraz Nafarroa eta hau ez da UPNk utzitako opari bakarra. UPNren garaian, itzaleko bidesariaren formula polemikoarekin eraiki baitziren Bideko A-12 autobidea, Pirinioetako A-21 autobidea, kanalaren lehen fasea eta haren handitzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!