Nafarroako Lehendakari Maria Txibitek hitza hartu du legealdiaren lehen urteko balantzea egiteko. "Nafarroa aurrera doan erkidegoa da. Lasaitasunez, baina tinko. Kudeaketa baliagarri baten bitartez", esan du. Bere buruari, gobernuarenari loreak botaz hasi du hitzartzea Txibitek: "Datu ekonomiko bikainak izaten ari da Nafarroa. Enpleguari begira urte aparta izan da eta Espainiako gainerako erkidegoekin alderatuta langabezia tasarik txikiena duena da", azaldu du. "Ekaitz ekonomikoa" pasata aurrera egiten segitzeko "lehiakor" izan behar direla uste du, bestela "mendeko" izanen direlako. Ekonomia alorrean erronka nagusien artean jarri ditu berrindustrializazioa eta deskarbonizazioa. "Denok kabituko garen lurraldearen eredu izan nahi duen gobernua da, bizikidetzarena", ohartarazi du Txibitek. Memoria duten eskolak proiektua edo biktima guztiekiko aitortzak aipatu ditu.
Hezkuntza, berdintasuna eta osasuna
Hezkuntzan egiten den inbertsioa etorkizunerako inbertsio dela goraipatu du. Haur eskoletako doakotasuna, Lanbide Heziketan ikasturte berriari begira ikasle guztiek aukera duala izanen dutela edota goi mailako ikasketak egiteko bekak %15 handitzea nabarmendu ditu. Gazteei erreferentzia egin die, aipatuz, laguntza gehiago banatzen ari direla alokairuak ordaindu ditzaten eta etxebizitza publiko gehiago txertatzen.
Berdintasuna eta justizia elkarri hartuta doazela adierazi du Txibitek. Skolae programa inoiz baino beharrezkoagoa dela iruditzen zaio garai hauetan.
Osasun arloari dagokionez, Nafarroan, herritarren lau eurotik bat osasun alorrera bideratzen dela gogorarazi du, eta horregatik dela osasun arreta onenetakoa eskaintzen duen erkidegoa. Baina, arazoak badirela ere onartu du: "Ezin da duela hamar urte bezala kudeatu osasun arloa eta baliabideak eta hobekuntzak egiten segitu behar da". Itxaron zerrendek behera egin badute ere, horretan lanean segitu behar dela adierazi du.
Nafarroak bilakaera izan dezan lanean segituko dutela esanez amaitu du hitzartzea Txibitek; gobernua baliagarria izanen dela Nafarroaren aurrerabiderako.