Geroa Baik Nafarroako Gobernuari "egonkortasuna" eman dio legealdiko lehen urtean

Maialen Huarte Arano 2024ko uzt. 29a, 13:03

Pablo Azcona eta Maria Solana gaurko agerraldian.

"Geroa Bai egonkortasun eragilea da Nafarroarentzat eta horrela frogatu da aurten", adierazi du legealdiko lehen urtearen balantzea egiterakoan Maria Solana parlamentariak. 

Legealdiaren balantzea egin du Geroa Bai alderdiak. Urtebete eginen du abuztuaren 8an akordio programatikoa erdietsi zutenetik eta, hala, Nafarroako Gobernuaren legealdi berria hasi zenetik ere. "Egonkortasuna", horixe azpimarratu dute Pablo Azcona geroa Baiko parlamentuko eledun eta Maria Solana parlamentariak. "Geroa Bai da egonkortasun hori bermatzen ari den alderdia", adierazi dute.

"Nafarren interesen aldeko" akordioa lortu zutela nabarmendu dute, desberdintasunak alboratu eta negoziazioaren bitartez akordioak eta baita "horrenbesteko lotunerik gabekoak" jasoz. Ez zen edozein modutara iritsi programaren gaineko akordio hori lotzera: "Badira alderdi sozialistarengandik asko urruntzen gaituzten gaiak. Euskararena, adibidez", gogoan izan du Solanak. "Euskarari dagokionez, esanen nuke, ez dela deus egintzat eman behar",  ohartarazi du. Merituen dekretua edota deparmanetntuen arteko planen inguruan aurrera pausoak behar direla adierazi du, besteak beste. "Nahi beste aurrera egin ez bada ere, aurrera urratsak egin dira:100.000 euskal hiztun eta 75.000 herritarrek ulertzen dute euskara eta hori bada gauza zenbait ongi egiten ari garen seinale", amaitu du.

Aurrera begira jartzeko urtea izan dela nabarmendu dute Azconak eta Solanak. Trafikoaren eskumena, osasun alorreko langileen karrera profesionala, Osasun Lege Berria, itxaron zerrenden murrizketa… eta etorkizun hurbilerako erronken artean, beste zenbait aipatu dituzte, hala nola: Fiskalitatea egokitzea. Bereziki errenta ertaineko familiak eta autonomoak nabarmendu ditu. Eurei beherapena ezartzearen alde azaldu da Geroa Bai, ez dezaten izan eurek pisurik handiena. Eta horren alde egin du, kontuan hartuta 2015etik hona Nafarroako ekonomia orokorra hobetu egin dela eta dagoeneko ez dagoela garai hartan zegoen arrisku mailan.

AHT, lehentasun Geroa Bairentzat

Beste apustu bat Geroa Bairentzat Abiadura Handiko Trenarena da. Kexati eta haserrekor aritu da Azcona Oscar Puente Industria Ministroak Nafarroan esan zituenekin: Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzeaz mintzatu zen duela astebete Iruñean eta iradoki zuen errazagoa eta ekonomikoki merkeagoa zatekeela Gasteiztik egitea lotura. Gaur Geroa Baik eskatu dio Espàiniako Gobernuari Ezkioko ikuskapen eta zundaketak egin ditzatela erabakiak hartu aurretik: "Abiadura Handiko Trena konexiorik onenak izanen dituena eta Europarekin lotura eginen duena izan behar da", ziurtatu du Azconak.

Autogobernuaren defentsa ere egiten segituko dutela adierazi dute, hala nola, trafikoaren eskuduntza lortzeko eta foruzaingo integral bat izateko. Foru Hobekuntza egungo errealitatera egokitzeko beharra ere badela uste dute. Memorian egindako bidea ere goraipatu dute, eta galga non dagoen ere badakite. Espainiako Sekretu Ofizialen Legean. Eskubide sozialen alorrean ere aurrera egiteko beharra azpimarratu du Solanak. Oinarrizko errentaren indartzea, gizarteratze prozesuen hobetzea edota desgaitasunen aitortzarako epeen txikitzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!