‘Dans Pirenaika’ dantza tradizionalen topaketak egingo dituzte Izaban

Bidane Beloki Ezker 2024ko eka. 19a, 10:25

Pirinioetako topaketa Erronkaribarrera iritsiko da aurten, irailaren 27, 28 eta 29an. Prestakuntza saioak, eskolak, tailerrak eta dantzaldiak antolatu dituzte. Ekimena Kurruskla, Aiko Taldeak eta Biella Nuei Aragoiko taldeak antolatu dute Iruñeko zenbait dantza taldeen laguntzaz.

Dans Pirenaika dantza tradizionalen esperientzia Nafarroara iritsiko da. Pirinioetako dantza tradizionalen topaketa handi gisa egonkortu da eta uztailean Hechoko haranean izan ondoren, irailean Erronkaribarren izango da, Izaban. Aurten, Izabako Ttun-Ttun dantza berreskuratzeagatik ezaguna den Kurruskla Kultur Elkarteak gonbidatuta elkartuko dira Erronkaribarren, irailaren 27, 28 eta 29an.

Sabin Bikandik aurkeztu du ekimena, eta nabarmendu bezala, “lagun arteko proiektu bat bezala hasi zen. Mendia gustatzen zaigu eta mendiak elkartzen gaitu. Mendia izan da elkargune eta jaigune ere bai, horregatik bururatu zitzaigun”. Dans Pirenaikak dantza tradizionalen abantaila handiak sustatu nahi ditu, jarduera dibertigarria, osasungarria eta balio kultural handikoa dela diote antolatzaileek.

Mugaz gaindiko eremu horretan kokatzen dute kultur ekimena. "Mendiak haranen arteko biderik motzena izan dira beti”, azaldu du Bikandik. Dans Pirenaika proiektu parte-hartzailea da, “dantzarekiko dugun pasioa eta hitzik gabeko hizkuntza partekatzen saiatzen garena, eta, edozein muga baino haratago, Pirinioetako kultura partekatzeko leku bat batzen gaituena”, adierazi du Bikandik.

Prestakuntza saioak, eskolak eta tailerrak antolatu dituzte bezain garrantzitsuak izango dira. Jarduera guztiak irekiak dira eta dantzaz gozatzeko. Ordainpeko zenbait formakuntza antolatu badituzte ere, dantzaldiak une oro izango dira karriketan. Aterpea, bazkariak eta dantza-poteoak ere antolatu dituzte.

Ekimena Kurruskla, Aiko Taldeak eta Biella Nuei Aragoiko taldeak antolatu dute, gainera, Iruñeko Duguna, Oberena eta Ortzadar dantza taldeen laguntzarekin egin dute; Dantzan.eus ataria eta Euskal Dantzarien Biltzarra ere batu dira proiektura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!