Iruñean hasi ditu Udako Euskal Unibertsitateak aurtengo ikastaroak. Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak, horrexetaz ari dira gaur goizean Kondestablearen Jauregian. Goizean, hitzaldiak izan dira. Juristek eman dute euskarak lurralde osoan duen egoera juridikoaren berri. Ez baita bakarra. Horren aurretik, jardunaldiaren irekieran izan dira UEUko zuzendari eta idazkaria eta Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo.
Biek aipatu dute Nafarroan euskarak duen egoeraren berezitasuna. Bizi garen tokiaren arabera ematen zaizkigulako edo ez eskubide batzuk. Euskararen normalizazioaren alde eta sustatzearen bidetik jotzeak elkartu dituztela ikastaro hauetan esan dute. Euskarak etorkizuna izan dezan egin beharreko lanean egonen direla adierazi dute lehendakariorde eta alkateak.
"Euskarak batu gaitu", esan du UEUko zuzendariak, "baina haratago ere jo du dugu euskara egunerokoan naturaltasunez erabili nahi badugu", gaineratu du Aitor Bengoetxea zuzendariak. Nafarroaren egoera juridikoa aztertu du Joseba Compains abokatu eta NUPko irakasleak. Azken boladan epaitegietatik iristen diren erabakiak ulertzeko azalpenak eman ditu bereziki. Euskaldunok Nafarroan dugun egoera azaltzen hasi da. Bereizkeria baitago. Eremuek baldintzatua eta legeak ezartzen duenetik eratorria. Euskarari balioa emateak berdintasun eskubidea urratu egiten dela ebatzi dute epaitegiek. Hizkuntza profila derrigor ezartzeak erdaldunei berdintasun eskubidea urratzen zaiela diote ebazpenek. Talka juridikoa izaten da maiz. Gertuko lege eta arautegiei begiratzeaz harago, Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunak jasoa du, diskriminazio positiboa egin behar dela hizkuntza horiekin. Berdintasuna sustatzea dela, eta ez da bereizkeriatzat hartzen.