Desgaitasuna baloratzeko urtebeteko itxaron zerrenda dagoela salatu du Cocemfek

Bidane Beloki Ezker 2024ko mai. 21a, 08:09

2022ko itxaron-denbora bikoiztu da eta urtebete baino gehiagokoa da desgaitasuna baloratzeko edo berrikusteko itxaron zerrenda. Nafarroako Gobernuak balorazio talde berriak ezartzeko konpromisoa hartu badu ere, "langile egokiak aurkitzeko arazoak" ohartarazi ditu.

Nafarroan desgaitasuna baloratzeko batez besteko epea legeak ezartzen duenaren bikoitza dela salatu du Cocemfek, desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak. 2022an gehienez sei hilabetekoa zen itxaronaldia eta orain 12,3 hilabetekoa da. Desgaitasunen ziurtagiria eskatzen duten pertsonen %76k legeak ezartzen duen denbora baino gehiago behar du balorazio hori lortzeko.

Balorazio-langileen errefortzuak berehala martxan jartzeko galdegin du Cocemfek eta Foru Gobernuak balorazio-talde berrien bidez baliabideak handitzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, ezin dutela gehiago itxaron salatu dute. Balorazioa eta berrikuspena atzeratu egin direnez, pertsonek “ezin dute ziurtagiria eskuratu, eta, beraz, ez dituzte aukera berdintasuna sustatzeko baliabideak lortu”. Nafarroako gobernuak ordea, balorazio taldea hornitzeko eta berri bat osatzeko “langile egokiak aurkitzeko arazoak” daudela ohartarazi du.

Cocemfek adierazi duenez, itxaron zerrenden denbora luzatzea "eskaeren hazkunde esponentzial batek eragin du. Administraziotik azaldu dutenez, bi faktorek eragin dute: Nafarroa eta udalak erreserbatutako aparkalekuko txartelak kudeatzeaz arduratzen ez direnetik egon diren eskaera-oldeak, eta balorazio-baremo berria martxan jartzeak. Baremo aldaketarekin eskaerak areagotu dira eta langileek egokitu egin behar izan dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!