Googlek eta Espainiako Datuen Babeserako Agentziak atzera bota zuten Jose Diego Yllanesen eskaera: onar zezatela, eskatu zuen, ahaztua izateko eskubidea zuela eta blokea zitzatela giza hilketari buruzko eta bere baldintzapeko askatasunari buruzko informazioa ematen zuten komunikabideetako albisteen lotura batzuk. Yllanesek argudiatu zuen, besteak beste, Nagore Laffage hil zuenean ez zuela sexu deliturik egin, baina zenbait komunikabidek sexu delituekin lotzen zutela, eta bere pribatutasun edo datuen babeserako oinarrizko eskubideak urratzen zituztela, datu okerrak ematen zituztelako. Yllanesi esan zioten albisteak zuzentzeko eska zezakeela, baldin eta albisteek datu okerrak baldin bazituzten. Ezezkoa ikusirik, Yllanesek helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Yllanesen eskaerak. Auzitegi Nazionalaren arabera, informazio eta adierazpen askatasuna gailendu egiten zaizkio ahaztua izateko eskubideari.
Gizartea amorratu zuen hilketa
Yllanesek hil egin zuen Laffage 2008ko sanferminetan. Laffage 20 urteko Erizaintza ikaslea zen, Yllanes, berriz, Nafarroako Unibertsitate Klinikan lan egiten zuen 27 urteko psikiatra egoiliarra. Laffagek sexu harremanak izateari uko egin zionean, Yllanesek bortizki eraso zion. Hainbat kolpe eman zizkion, eta itota hil zuen. Gorpua izkutatu eta Erroibarko mendira eraman zuen hurrengo egunean. Hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, giza hilketagatik.Yllanesi hirugarren gradua eman zioten 2017ko ekainean. 2020an bete zuen kartzela zigorra.