Emakumeek zientziaren alorrean oraindik ere zapalkuntza desberdinak jasaten dituztela uste du Ana Galarragak zientzia dibulgatzaile eta kazetariak. "Egia da gero eta emakume gehiago dagoela zientzia alor desberdinetan", nabarmendu du, "baina diskriminazioa oraindik ere nabarmena da. Bi norabideetan ematen den diskriminazioa da gainera: horizontala, alde batetik, orain arte gizonen eremu izan diren zientzia alor horiek feminizatu ahala prestigioa galtzen joan direlako; eta bertikala edo jerarkikoa, oraindik ere goi karguetan gizonezkoak direlako boterea eta erabakimena dutenak".
Zientziaren alorrean, hala, oraindik egiteko asko gelditzen dela azpimarratu du. Bide horretan ale bat gehituko dio orain Elhuyar aldizkariak bere zientzia.eus atarian zabaldu duen podcast atal berriak: Emakume zientzialarien argitan. Galarragak berak emakume zientzialari desberdinei egindako solasaldietaz elikatzen da podcasta: "Podcast honen jatorria Donostiako Ernest Lluch elkartean egiten ditugun hitzaldi zikloetan dago. Udaberriro eta udazkenero egiten ditugu ziklo hauek, eta orain formatu berri honekin jende gehiagora heltzea espero dugu".