Agurne Gaubeka (Behatokia): "Herritarrek behin eta berriz jotzen dute horma berdinaren kontra euskaraz aritu nahi dutenean"

Euskalerria Irratia 2024ko mar. 20a, 10:00

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Garbiñe Petriati Behatokiko teknikaria.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iazko txostena aurkeztu berri du. Eta esan dezakegu, zaharrak berri direla euskararekiko jarrera, portaera, eta tratamenduan. "Azken urteotan oztopo eta muga berberekin egin dute topo herritarrek euskaraz ikasi, bizi edo erabiltzerakoan", adierazi dute Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendari eta Garbiñe Petriati teknikariak. Behatokiak herritarren kexak, iradokizunak eta ongi egindakoen berri jasotzen du.Ondorio argiak ere utzi ditu txostenak: aurrerapausoak behar direla, euskararen ofizialtasuna beharrezkoa dela lurralde osoan eta ofizialtasun hori lortze bidean atzerapauso eta oztopoei aurre egiten segitzea ere bai.

Guztira 987 kasu jaso dituzte 2023. urtean Behatokian, gehienak kexak: 909. "Argi dugu hauek errealitatean gertatzen denaren lagin bat besterik ez direla", esan du Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iazko txostena aurkeztu du Iruñean. "Eremu askotan gertatzen dira euskararekiko mespretxuzko jarrerak eta eskubide urraketak. Administraziotik hasita", azaldu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. "Espainiako Gobernuak ez du betetzen webguneari dagokiona, ia erdara hutsez baitu. Euskarazkoak baldin badaude trakets idatzirik edo akatsez beteak izaten dira", jakinarazi du Petriatik. Nafarroari dagokionez gabezia ugari ere badirela ohartarazi dute: "Karteldegietatik hasi eta azpikontratatutako zerbitzuak eskaintzeko euskara eskakizunik ez izaterainoko hizkuntz urraketak atzeman ditugu", gaineratu du Petriatik.

Osasun arreta ere ez da euskalduna izaten ahal Osasunbidean. "Harrera guneetan eta osasun alorreko administrazio tramiteetan ere ez dago euskaraz egiterik eta arreta ere ez dago euskaraz jasotzerik", adierazi du Petriatik. Segurtasun indarrekin, poliziekin, gertatzen dena ere ez da gutxiagorako: "Zenbaitetan euskaraz eurengana zuzenduta erasotzat hartzen dute herritar horren jarrera", azaldu du. 2023an atzerapausoak eman ziren euskararekiko. Eta oraindik ere ematen ari dira.Ohartarazpen bat ere egin nahi izan dute amaitzeko: "Eskaintza eta eskaria merkatuaren parametroetara eramaten ari dira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!