"Nafarroa euskalduntzeko ahaleginean segitzen dugu, horretarako ardura ere badugu", nabarmendu du Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunak. Haur Hezkuntzatik Batxilergoa arteko ikasketa eskaintzen dute Ikastoletan. "Hezkuntzarik onena eskaintzen diegu heldu den urtetik aurrera gurean hasi daitezkeen hiru urteko haur horiei ere", azaldu du aurrematrikulazio epea zabalik den honetan. "Ikastoletan askatasuna dugu proiektu eraginkorrenak baliatzeko. Kooperatibak dira eta guraso, irakasle eta gainerako hezkuntza komunitatearekin sortzen dugu Ikastola. Familiak eta langileak aritzen dira lan horretan", gogorarazi du.
Familien beharrei erantzuna ematen diete: jantoki eta autobus zerbitzuak ere kudeatzen dituzte. "Gizarteak etorkizunean dituen beharrei ere erantzuten diogu", esan du. Edukietaz harago balioetan hezten dituzte ikasleak Reparazen arabera. "Elkartasuna, enpatia eta ardura lantzen ditugu. Kiva egitasmoarekin jazarpenari aurre egiten ari gara", jakinarazi du. Aurten erronka berria dute: "Euskararen egoerak kezka sortzen digu. Zailtasuna bizi du gure hizkuntzak eta ahalegin berezia egiten ari gara iristen ez garen horiengana heltzeko". Josu Reparazi Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.