Eko Hostoak, produktu ekologikoak identifikatzeko

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 14a, 13:26

Saltoki eta jatetxeek produktu ekologikoak dituzten erakusteko zigilu gisara erabilgarri jarri du Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikorako Kontseiluak Eko Hostoa izenekoa. Bat, bi edo hiru eko hosto eskuratzen ahal ditu establezimendu batek eskaintzen duen produktu ekologiko sortaren arabera. 

Eko Hosto baten bidez Nafarroako Nekazal Produkzio Eekologikoaren Kontseiluak ziurtagiria duten hiru eta bost operadore arteko elikagaiak dituzten dendak sailkatzen ditu; Bi Eko Hostoen bidez, hamar operadore baino gehiago dituztenak; eta Hiru Eko Hostoen bidez, hamar operadore baino gehiago dituztenak. Saltoki eta jatetxeetan izanen dira ikusgai eta erabiltzaileek jakin ahal izanen dute zenbat produktu edo zerbitzu eskaintzen diren eredu ekologikoan. Guztira, berrogei saltoki ari dira Eko hostoa erabiltzen. Horietatik 31 Hiru Eko Hostorekin eta bederatzi Bi Eko Hostorekin.
 
Jatetxe ekologikoak
Guztira, 25 jatetxek dituzte Nafarroako elikagai ekologikoak, horietako 13 Eko Hosto bat, seik Bi Eko Hosto eta hiruk Hiru Eko Hosto. Ostalaritza-establezimenduek ere sailkapen berri hori dute Eko Hosto batetik hirura bitartekoa, Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoarekin duten konpromisoarekin bat datozenak. Sailkapenari esker, bereizi egin daitezke elikagai ekologikoak dituzten jatetxeak eta eskaintza dela-eta jatetxe ekologikotzat har daitezkeenak. Sailkapena egiteko, gainera, ostalaritzako lokal batean aurki daitezkeen elikagai eta edari mota guztiak hartu dira kontuan: osagai nagusiak kontuan hartzen dira, batetik; ogia, gozoak eta gozagarriak, bestetik; eta, hirugarrenik, edariak, kafeak eta infusioak. Horrela, Eko Hosto Bat duten jatetxe eta establezimenduak Nafarroako edozein taldetako gutxienez 10 elikagai ekologiko dituztenak dira. Bi Eko Hostorekin, gutxienez edozein taldetako hamabost elikagai dituztenak bereizten dira, osagai nagusiren bat barne; azkenik, Hiru Eko Hostoen bidez, eskaintzaren %50 gutxienez deskribatutako hiru taldeetako elikagai ekologikoekin duten establezimenduak nabarmentzen dira, eta jatetxe ekologiko gisa har daitezke.
 
Saltokietarako eta jatetxeetarako zabalkunde-kanpainak
Eko Hostoen bidezko sailkapen-sistema berriari atxikitako jatetxeak eta saltokiak hainbat hedapen-kanpainatan parte hartuko dute, herritarrei Nafarroako elikagai ekologikoak non erosi eta/edo kontsumitu ditzaketen ezagutarazteko. Horrela, NNPEKek, navarraecologica.org webgunean establezimenduei buruzko informazioa sartzeaz gain, urtean zehar hainbat azokatara eta EKOmerkatura eramateko liburuxkak eta kartelak egingo ditu, ekologiarekiko konpromisoa sare sozialetan sustatuko du, komunikabideetarako sarbidea emango du eta hainbat ekintza sortuko ditu, hala nola lehiaketak. Gainera, jatetxeen kasuan, beren eskaintza EKOtopaketetan erakusteko aukera izango dute.
 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!