Arantxa Aranburu (geologoa): “Lurrazpian erregistratuta geratzen da lurgainean egiten dugun guztia”

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 12a, 07:31

Arantxa Aranburu Lurpea Saria 2024 jaso berritan.

Lurpeak, Euskal Herriko zortzi kobazuloren taldeak, 2024ko saria eman dio Arantxa Aranburu geologo, EHUko irakasle eta Arantzadi Zientzia Elkarteko kideari. “Geologoa bokazioz, sentsibilizazio handia erakusten du bere lanarekiko eta maitasunez lantzen du lurrarekin zerikusia duen guztia”, azaldu dute aitortza egin diotenek. Saria jasotzean ohartarazpena egin du Aranburuk: “Lurrazalean egiten dugun guztiak du ondorio lurrazpian eta erregistratua geratzen da estalaktita eta estalagmitetan”.

Aldaketa klimatikoaz hitz egiten da etengabe gaur egun. Zer gertatzen ari den jakiteko bide ematen dute lurrazpiko eremuek. “Kobetan erregistratuta geratzen da lurgainean egiten dugun guztia”, jakinarazi du Arantxa Aranburu geologoak. Atzo saria eman zioten egiten ari den lanarengatik. Lurpea 2024 sariarekin aitortu dute lana Euskal Herriko zortzi leizeetako arduradunek. “Geologia bokazio du Aranburuk eta sentsibilizazio eta maitasuna erakusten du haren eginkizunetan”, azaldu dute saria emate ekitaldian. Oso eskertuta jaso du aitortza geologoak: “Ilusio berezia egiten dit sari honek. Lurzoruaren berri gizarteari erakusten diotenen eskutik jasotzeak esanahi handia du niretzat”, adierazi du.

Estalaktitetan eta estalagmitetan dena gelditzen da “grabatua”: “Zein heinean da egoera edo gertaera bat naturala, portaera bat arrunta jakiteko lurrazpiak asko adierazi dezake”, esan du Aranburuk. Izan ere, kanpoan, lurrazalean egiten den edozer geratzen da erregistratua: “Ingurumenean egiten ditugun aldaketak, botatzen ditugun zaborrak eta egun ohiko bilakatu diren mikro-plastikoak dagoeneko agertu dira kobazulo barrenetan”, jakinarazi du. Historian zikloak nolakoak izan diren eta gertatzen ari dena “naturala” ote den argitzeko baliagarria da leizeetan izaten diren aldaketak aztertzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!