Esker ona, aldarrikapenari uko egin gabe
23. Korrika Irundik abiatzeko bi aste eskas falta direlarik, hainbat eragile politiko, sindikal, sozial eta kultural elkartu zituen atzo AEK-k Nafarroako Antzerki Eskolan, euskararen aldeko lasterketaren aurkezpen sozialean.
Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik eskerrak eman zizkien haien ekimena laguntzen duten guztiei, betiere aldarrikapenak bazterrean utzi gabe, helduen euskalduntzearen doakotasuna aldarrikatu baitzuen.
Arakamak doakotasuna sarri lortzea espero du
Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak doakotasuna gertu egon daitekeela adierazi zuen Euskalerria Irratiaren aitzinean. “Hurbil gaude, baina oraindik finantzazioari eta arautzeari dagokionez zenbait urrats falta zaizkigu. Legealdiko gure helburu nagusietako bat da, eta legealdiaren amaierarako betetzea espero dugu”.
Erakundeen ordezkariei dagokienez, besteak beste, Ana Ollo eta Begoña Alfaro lehendakariordeak, Unai Hualde parlamentuko presidentea; Aitziber Campion, Maider Beloki eta Koldo Martinez Iruñeko zinegotziak eta Atarrabiako alkate Mikel Oteiza izan ziren Antzerki Eskolan.
Hara hurbildu ziren, halaber, Euskaltzaindiko Sagrario Aleman eta Castillo Suarez, Topaguneko Oskar Zapata, Behategiko Agurne Gaubeka, IKAko Xabier Martinez Alegria, LABeko Imanol Karrera eta Zaporeak ekimeneko Edurne Arrizibita.
Euskalerria Irratiak lau orduko saio berezia eginen du
Zuzenean gozatu ahal izan dituzte Ainhoa Egizabal dantzariaren, Eñaut Zubizarreta Trigger txelo-jotzailearen eta Pantxika Lamur clownaren emanaldi eta mezu ederrak. 23. Korrikak martxoaren 14tik 24ra zeharkatuko du Euskal Herria, eta hilaren 16an iritsiko da Iruñerrira. Euskalerria Irratiak zuzenean kontatuko du, lau orduko saio berezi baten bitartez, irrati zein bideo streaming bidez, irudi eta guzti.