Gerra Zibila amaituta, 1939tik 1941era bitartean, Erronkari eta Zaraitzu haranen artean, Igari, Bidankoze eta Erronkari arteko errepidea eraikitzeko esklabo gisa aritu ziren 2500 preso antifaxista ingururentzat eskatu du babesa Memoriaren Bideak elkarteak, Parlamentuan.
“Egia, justizia eta erreparazioa" lortu nahi dute, gizateriaren aurkako krimenen biktima gisa; delitu horiek ez baitute preskribatzen. Pertsona horiek frankismoaren biktimatzat aitortzeko lehen auzialdian atzera botatako kereila bultzatu zuten 13 familiak eta deuseztatu zuten. Hartara, kereila aurkeztu zuten baina, Agoitzeko epaileak ezetsi zuen. Beraz, ez zuten tramitatzea onartu. "Ulertezina eta lotsagarria" izan zen kereilaren ezestea deitoratu du Sabino Cuadra elkaerteko kideak. Argudiatze juridikoa zabala aurkeztu zuten arren, aztertu gabe, "bi lerrotan deuseztatu dute kereila preskribatu duelakoan", gaineratu du Cuadrak.
PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak babes argia eman diote txostengileen aldarrikapenari, eta UPNk, Iñaki Iriarteren ahotan, gertakari haiek eta erregimen frankistaren bidegabekeria ere gaitzetsi dituen arren, 1977ko Amnistia Legeak bide judiziala amaitu zuela defendatu du.