Puntu more gehiago egonen dira gaurtik aurrera Nafarroan. Gazteei indarkeria matxistaren errealitatea hurbiltzeko nahia da oraingoa: protokolo bat sinatu dute Espainiako Gobernu ordezkaritzak eta Nafarroako Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako departamentuak. Gazteentzako informazioa helarazten dituzten 29 guneetara eramanen dituzte puntu more horiek.
Izan ere, toki horiek tresna dira "gizartearen inplikazioa" bilatzeko emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko. 2022an hasi zen Nafarroako Gobernua puntu moreak zabaltzen: 600 botiketan eta zenbait gasolindegietan. Jai eta festetan ere puntu moreak jartzen dituzte herri eta hirietan. Orain, gazteei bideratutako guneetan izanen da eskuragarri informazioa, formazioa eta sentsibilizazio kanpaina.
Galdetegietako emaitzak, kezka iturri
Gizonezkoen %23k eta emakumeen %13k ukatu egin dute indarkeria matxista existitzen denik. Uste dute, beti egon dela, normala dela… baina aldi berean galdetegia erantzun dutenen %80k ezagutzen dute kasuren bat indarkeria sexistarekin lotua. Espainia mailan egindako galdeketaren emaitzek diote herritarren %44ak uste duela feminismoarekin urrunegi iritsi dela. "Gizarte matxista batean bizi gara", esan du Begoña Alfarok, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako hirugarren presidenteordeak. "Horri buelta emateko bide luzea gelditzen bada ere egiteko, prest gaude. Feminismoaren kontrako mezuen aurrean, feminismo gehiago ezarriko dugu", nabarmendu du.