Indarkeria matxista zenbakitan aztertzen badugu 2023ak ere hotzikara eragiten duen zenbatekoa utzi du. 2.091 salaketa Nafarroan eta horien artetik ia egunean salaketa bat sexu-indarkeriagatik; zehazki, 356 salaketa jarri dira sexu-erasoagatik. 2022an baino %8,4 salaketa gehiago egon dira, berriz ere maximoetara iritsiz.
2.091 salaketen artean, Nafarroako Berdintasun Institutuaren datuen arabera, hamarretik zazpi indarkeria fisiko eta psikikoagatik izan dira. Beste 356 sexu-indarkeriagatik, aurreko urtean baino %45 salaketa gehiago jaso dira. Eta beste datu kezkagarri bat, 142 kasutan, biktimak adingabeak izan dira. Hala, sexu-delituak salatu zituzten hamar emakumetik zazpik 30 urte baino gutxiago zituzten.
Salaketak gora
‘Bai bakarrik da bai’ legearen eta haren erreformaren ondorioz salaketen kopuruak gora egin duela aitortu dute adituek eta gogoetarako hainbat galdera planteatu dituzte. Izan ere, sexu-indarkeriaren kasuetan oso aldakorrak eta larritasun ezberdinekoak diren indarkeria-motak biltzen dira eta kasuan kasuko analisia egin behar da. Betiere, legeak ere gizartearen sentsibilizaziorako balio du.
Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NABI) zuzendariak argi azaldu du Diario de Noticiasi egindako adierazpenetan. “Salaketen ehunekoa handitzen ari da, baita ere, polizia-sistemari indarkeria-egoera gehiago ikusarazten eta ezagutarazten ari direlako”, aitortu du Abadek. Eta nabarmendu du, “salaketak mesedegarriak direla biktimei arreta emateko, hala ere, salaketak ez dira emakume guztientzat”.
Datuak ikusita, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko zentroaren ateak irekitzear daudela; Arrosadiako zentroa eguneko 24 orduak egongo da zabalik.