Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak Nafarroako Gobernuaren Aitortza eta Erreparazio Batzordeak eginiko lehen jardueraren memoriaren balorazioa egin du. Batzorde hori, Martin Zabalza buru duena, 41 kasu ikertzen ari da fase desberdinetan. Hildako batzuen kasua ari dira analizatzen, torturak pairatu zituztenen beste hainbat eta abusu psikologiko zein fisikoak jasan dituztenena ere bai. Lehen fase batean daude denak, eta ekainean aurreikusi dute lehen ebazpenak ateratzea. Horren ondotik, aitortza publikoa eginen zaie eta ETAren biktimei egiten zaien aitortza bera ere bai. Egiari Zor eta Torturatuen Sarearentzat "aurrerapausoa" da egiten ari diren lana. Historia hurbileko kasuak "isilpean" eraman nahi izan badira ere, azkenik, "argia eman" eta biktima guztiak aitortuak izanen direlako, bereizkeriarik eta asimetriarik gabe. Bizikidetza demokratikorako oinarriak ezartzeko bidea dela uste dute. "Egia osoa ezagutzeko eskubidea dute baita torturak jasan dituzten biktima horiek ere", esan du Jorge Txokarro Egiari Zor eta Torturatuen Sareako kideen ordezkari gisa. Nafarroan indarkeria hori pairatu eta oraindik salatzeko pausua eman ez dutenei egin diete deia: "Egiari Zor Fundaziora jo dezakete laguntza eske", azaldu du Txokarrok. Egiari Zor Fundazioak Iruñean izanen du egoitza, Amaia Karrikako bigarren zenbakian. Helburu du, torturak edo abusuak pairatu dituztenei laguntza eskaintzea: "Aholkularitza, babesa eta elkar zaintzarako gune bat izatea nahi dugu".
Tortura kasu asko daude oraindik izkutuan
1.083 kasu dituzte zenbatuta Nafarroan Egiari Zor Fundazioko eta Torturatuen Sareko kideek. Duela bi urte eta erdi hasi zuten ikerketa lana eta oraindik ere errolda hori osatzen dihardute. Herriz herri, karpetak eramaten abusuak jasan zituztenen kasuak ezagutu eta erantzuna bilatzeko. "Une hauetan 312 lagun torturaturen kasu daude prest Nafarroako Gobernuaren batzorde horretan aurkezteko. Hamairuk gutxienez egina dute pausua", jakinarazi du Txokarrok. Modu ordenatuan jo nahi dute batzordera. Errekonozimendu fasearen ondotik etorriko litzateke zauriak itxi ahal izatearena eta aitortzarena. Lan egiten segituko dute oraindik ere kasu asko dagoelako argitzeke eta aurkitzeke.