Nafarroako eta mugaz bestaldeko basozainak batetik bestera dabiltza egunotan Larra aldean basoilarraren bila. Negu hasieran ikusi zen lehendabiziko aldiz hegaztia zonaldean baina egunotan, tenperatura altuek bultzatuta, behin baino gehiagotan azaldu da. Asteburuan hainbat eskiatzaileek egin zuten topo, desagertzeko arriskuan dagoen hegaztiarekin.
Basozainek azaldu dutenez, ez ohiko negu bero honek nahasi du basoilarra. Araldian sartu da baina emerik ez du inguruan eta horregatik ez ohiko tokietara gerturatzen ari da. Basozainak animalia hartzen saiatzen ari dira, beste bailara eta toki lasaiago batetara eramateko.
Animalia lasai utzi
Basozainek ohartarazi dutenez, araldian egonda, basoilarra oldarkorra izan daiteke bere burua jarraituta ikusten badu. Horregatik, eskiatzaile eta mendizaleei gomendioa luzatu diote, animalia ikusiz gero norabidea aldatzeko, txakurrak lotzea eta inondik ere ez saiatzea argazkiak edo bideoak ateratzen. Arduraz jokatzeko eskatu dute.
Basoilarrak asko sufritzen du gizakien presentziarekin. Edozein zarata edo molestiak kalte konponezina eragin liezaioke. Oihuak eta zaunkak, harengana hurbiltzea, argazkiak ateratzea edo bideo bat grabatzea ekiditea eskatu dute. Gogorarazi behar da egungo araudiak debekatzen duela desagertzeko arriskuan diren hegaztiei argazkiak egitea, baimen berezia behar da horretarako eta zigorra jaso dezaketela baimenik gabe animaliaren atzetik ibiltzen direnak.
Basaoilarra espezie berezia da, Nafarroan Erronkari Garaian, Larra aldean bakarrik aurkitzen den harribitxia. Pinu beltzaren hostoak bakarrik jaten ditu eta tenperatura baxuak behar ditu.