Kantuaren muinerako bidaia
Hasiera bat diskoak hamar kanta biltzen ditu. Soiltasuna da Only In Dreams azpi-zigiluarekin karrikaraturiko abesti horien guztien gutxieneko izendatzaile komuna.
Diskoaren promozio orriaren hitzetan, “kantuaren muinerainoko bidaia” dirudi Hasiera bat diskoak: “Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu... euren soiltasuna agerian utzi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen ere, harkaitza bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor”.
Testuaren arabera, “beste nonbaitetik sortzeko apustua” egin du Berri Txarrakeko abeslari ohiak: “Soildu eta soildu, muina ukitu arte: Hezurra. Egia. Egia bat”.
Lleidan grabatua
Hamar kantuak honako hauek dira: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat eta Besterik ez. Urbizuk egi berri horien guztien berri 2024an zuzeneko kontzertuen bitartez emanen duela aurreratu dute.
Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar batean grabatu dute diskoa, Teatre de ca l’Eril-en, Guissonna herrian, zortzi pistako analogiko xume batekin. Jordi Matas izan da grabazioaren eta nahasketaren arduraduna. Masterizazioa Dave Cooleyk egin du, Kaliforniako (AEB) Elysian Masters estudioetan.
Prentsa oharraren arabera, “Jordi Matasek ekoitzia, bere biluzian erpin ugari erakusten duen diskoa da hau. Maitasunez eta maitasunaz egina”.
Grabazioan, Jordi Matasek berak baxua, gitarra eta teklatuak jo ditu, baita batería ere Sute bat kantuan. Ferran Palauk, batería Tren bat eta Kolore bat abestietan. Ildefons Alonso Ilduk, batería Toki bat, Teoria bat eta Lilura bat kantuetan. Gorka Urkizuk berak, abesteaz gain, gitarra jo du kanta guztietan.
Itzulera
Gorka Urbizu Ruiz (Lekunberri, 1977) musikari, konpositore eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista izandakoa, besteak beste kantugintzan eta letragile gisa egindako bideagatik da ezaguna.
Hamalau urte besterik ez zuela sortu zuen bere lehendabiziko taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eramateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua darama egile nafarrak.
Berri Txarrakekin mundu osoan barna mila kontzertutik gora emateaz gain, hainbat egitasmo interesgarri jarri izan ditu abian, gustu musikal eklektikoa eta eten gabeko bilaketa artistikoa erakutsiaz; hala nola: Katamalo (poesia eta musika akustikoa nahastuz) edo Peiremans + (power pop doinuetatik gertuagoko taldea).
2024ko urtarrilean, ezustean Hasiera bat diskoa kaleratu du. Bere izen propioarekin sinatzen duen lehendabiziko lana da hau, modu horretan hainbat urtetako isilunea urratuz. Impasse aro honetan, baina, Gorka Urbizu ez da geldirik egon. Besteak beste, ekoizpenaren munduan murgildu da (La M.O.D.A. taldearen Nuevo Cancionero Burgalés diskoarekin egin zuen debuta 2022an). Halaber, hainbat kolaborazio grabatu ditu, esaterako Cala Vento Gironako taldearekin Casa Linda diskorako egindakoa.