Saharako kanpamentuetan krisi humanitarioa larriagotzen ari dela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 12a, 14:10

Saharako emakume bat ura etxera eramaten. Arg: Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartea.

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan aritzen diren hiru gobernuz kanpoko erakunde izan dira Nafarroako Parlamentuko lan saioan han bizi den egoeraren berri ematen. Krisi humanitarioa are handiagoa dela eta han bizi duten gatazka ahazten ari dela salatu dute. Pandemiaren ondorioak, bestelako gerren sorrerak eta lehorteak gogor kolpatu du Tindufeko eremu hura. Belaunaldi berriei gertatzen ari dena kontatzeko eta finantzazioak ez eteteko eskatu dute. 

Gaur, elkarrekin izan dira Gobernuz Kanpoko hiru entitate Nafarroako Parlamentuan Saharako txoko hartan bizi duten egoeraren berri emanez. Denak etorri dira bat aspektu askotan. "Sahara atzendu egiten ari zaigu, Saharako gatazka ez gara generazio berrien artera helarazten ari, Saharan krisi humanitarioa are handiagoa da orain su etena hautsi eta bestelako krisiak sortzearekin batera", nabarmendu du ATTsF Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendari Eduardo Irigoienek. "Han bizitzen ari direna kroniko bilakatu zaie", ohartarazpen hori egin dute Anas, Anarras eta ATTSF-MGLTE gobernuz kanpoko erakundeek.

50 urte beteko ditu laster Saharako herritarrak errefuxiatuen kanpamenduan bizitzera "kondenatuak" daudenetik. "50 urte euren bizitza garatzeko aukerarik gabe. Bizirauten. Nazioartearen bizkarrarekin gainera. Gatazka politiko batek eraman ditu errefuxiatuen kanpamentuetara", izan dute gogoan. Marokoko Gobernua da erantzule eta Espainiako Gobernua horren babesle dela ere esan dute, eta hartara Nafarroakoak ere ardura hartu beharko lukeela iruditzen zaie.

Logistika zentroaren kudeaketaz arduratzen ari dira Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartean duela hogei urte. "76 kamioiren mantenua egiten ari gara", azaldu du Irigoienek. Kamioi horien bitartez iristen zaie elikagaia, ura eta kudeatzen dituzte hondakinak. "Iaztik gainera, ur hornidurarako sarea ere kudeatzen ari gara", gaineratu du. Krisia are gehiago handitu da kanpamentu haietan: "Pandemiak kolpatu zituen, beste gatazken sorrerak finantzazio iturriak desbideratu ditu, su etenaren etetea edo gero eta nabarmenagoa den lehortea ere tartean", adierazi du.

Oso zonalde txiroa da, berez aurrera ateratzeko zailtasun handiekin. "Herritar zaurgarriak dira eta 2010eko datuetara itzultzen ari dira desnutrizo eta gaixotasunen hazkundeari begira. Anemia bezalako arazoak ari dira orokortzen haur eta haurdun dauden emakumeen artean", salatu dute.

Ahaztuak izan ez daitezen lanean segituko dute entitateek eta horretarako finantzazio iturriak ez daitezela itxi eskatu dute gaur parlamentuan. Sahararekiko "amnesia" sortu ez dadin gatazka hori datozen belaunaldiei helaraztearen garrantziaz ere mintzatu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!